Jon Artola: «Helburu nagusia Zarautzen arraun giroa eta kultura zabaltzea da»

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko martxoaren 21a

(Aiora Larrañaga/Hitza) Gaztetatik arraun munduarekin harreman estua izan du Jon Artolak (Zarautz, 1977). Zarautzen arrauna zabaltzea eta zarauztarrek arraun elkartea bere sentitzea du amets. Helburua betetzeko intentzio osoz hartu zuen pasa den larunbatean Zarauzko Arraun Elkarteko lehendakariaren kargua. Elkartearen etorkizuneko erronkez aritu da UROLA KOSTAKO HITZA Artolarekin. Gustura hartu al duzu kargu berria? Lehenik eta behin, argi utzi nahiko nuke komunikabideetan nire izena agertzen ari bada ere, bederatzi lagunez osatutako batzorde batek zuzenduko duela Zarauzko Arraun Elkartea, eta kideon artean eginbeharrak banatzea dela asmoa. Gainera, beste hainbeste lagun agertu dira ahal dutenetan laguntzeko prest. Denera 20 lagun inguruk osatzen dugu taldea, baina legearen aurrean karguak banatu beharra zegoen, eta niri egokitu zait lehendakari postua betetzea. Eginbeharrak banatuta arraun elkarteak martxa hobea izango duela uste al duzu? Elkartearen zuzendaritza hartu dugun taldeko kideak umetatik Zarauzko Arraun Elkartean ibiltakoak gara. Aspalditik ezagutzen dugu elkartea, eta gazteak ginenean lehendakari, delegatu eta entrenatzailearen artean banatzen zuten lan guztia eta zenbait unetan laguntza puntuala izaten zuten. Lan kargak arduradunak asko nekatzen dituela ikusi dugu. Horregatik, uste dugu elkartearentzat mesedegarria izango dela lan esparruak sortu eta ardurak banatzea. Zein dira Zarauzko Arraun Elkartearen erronkak? Gure erronka nagusia Zarautzen arraun kultura eta arraun giroa zabaltzea da, herriak horren beharra duela ikusten baitugu. Arraun kultura hori zabaltzearekin batera nahi dugu arrauna atsegin edo probatu nahi duen edozein zarauztarrek arraunean egiteko aukera izatea. Bi ildo nagusi horiek jarraituta beste hainbat helburu zehaztu ditugu. Alde batetik, emakumezkoen trainerua aurten lehendabiziko aldiz uretan izango dugu, eta proiektu hori egonkortu nahiko genuke. Bestetik, gaztetxoen mailak indatu nahiko genituzke. Urte hasieran herriko ikastetxeetan gaztetxoei arrauna probatzeko deia egin zitzaien. 60 gaztetxo hurbildu ziren, eta horietatik infantil mailako 20 arraunlari gaztek jarraitu dute. Batel denboraldia jokatzen ari dira egun. Zein da egun Zarauzko Arraun Elkartearen egoera? Oso egoera onean dago arraun elkartea, inoiz ez da orain bezala egon. Une aproposa da markatu ditugun helburuak bete ahal izateko. Alde batetik, azpiegiturari dagokionean primerako lokala dugu Aian. Gure garaian ez litzaiguke burutik pasa ere egingo horrelako lokala izango genukenik. Bestetik, materiala ere badugu; gustatuko litzaiguke arraunketa mugikorrerako ontzi gehiago izatea, baina uste dugu material asko dugula. Arraunlari gazte asko ditugu, eta maila guztietan ditugu entrenatzaileak. Gainera, arrauna ondo ezagutzen duen eta arrauna bizi duen 20 lagun inguruko lan talde idartsua dugu elkarteko eguneroko arlo asko kudeatu ahal izateko. Egoera borobiltzeko, ekonomikoki elkarteak ez du zergarik, eta hori oso pozgarria da. Arrazoi horiek guztiek kontuan hartuta, uste dugu Zarauzko Arraun Elkarteak potentzial handia duela. Zarautzen haur eta gazte asko dago, baina herriko kirol eskaintza ere oso zabala da.  Ez da erraza izango gaztetxoak arraunera hurbitzea, ezta? Herri guztietan dago kirol eskaintza zabala eta Zarautz herri handia denez, oraindik eta gehiago. Dena dela, guk gainontzeko kirolak ez ditugu aurkari bezala ikusten. Guk nahiko genuke Zarauzko haur, gazte eta helduek jakitea Zarautzen badugula arraun elkartea eta arraunean egiteko aukera badagoela herrian. Behin aukera hori ezagututa, norberak erabakiko du arraunean egin nahi duena ala ez. Egun zarauztarrek ez al dute arrauna aukera moduan hartzen? Gure sentipena da herriko jende askok ez dakiela arraunean egiteko aukera duenik. Zarauzko kostaldearen baldintzengatik zaila izaten da entrenamenduak herrian egitea, eta, ondorioz, Aian dugu elkartearen lokala. Getarian, Orion edo Zumaian herritarrak kalera irteten direnean arraunlariak uretan entrenatzen ikusten dituzte. Zarautzen, berriz, hori oso zaila da. Kostalde irekia dugunez, itsasoak urtean egun gutxitan ematen du horretarako aukera. Gure erronka arrauna herrian zabaltzea denez, aurrerantzean hainbat ekimen egingo dugu horretarako. Egitasmo zehatzik ba al duzue buruan? Zarauzko moila biziberritzeko proiektua abiatu nahi dugu. Izan ere, inguruko herrietan kirol portuak egin direnetik Zarauzko moila nahiko triste geratzen ari da. Zarauzko Arraun Elkarteak badu lotura estua moilarekin, eta itsasoak laguntzen duenean entrenamenduak Zarautzen egiten hasiko gara. Jende asko ibiltzen da Zarauztik Getariarako bidean paseatzen, eta neska-mutilak Zarautzen entrenatzeak arraunari presentzia emango diola uste dugu. Horretaz gain, uda garaian moilari bizitza itzultzeko moilako jolasak antolatu nahiko genituzke, arraunarekin lotura duten jolasak. Gaztetxoen artean arrauna sustatzeko ekimen berezirik egingo al duzue? Zarautzen urteak daramagu ikastetxeetako haurrei arraunean irakasten eta emaitza onak ematen ditu ekimenak. Horretaz gain, aurten lehen aldiz irailean ikastaroa hasi zenean lau laguneko talde bat eskolaz eskola joan zen arraunean parte hartzera animatuz, eta 60 gaztetxo animatzea lortu genuen. Nola ikusten duzue Zarauzko traineru nagusiaren etorkizuna? Zarauzko gizonezkoen trainerua goi mailan egon da, eta etorkizunean posible ikusten dugu berriz ere maila horretara itzultzea. Dena dela, ez dugu eperik jarri nahi. Guretzat garrantzitsuena traineruan giro ona izatea da, arraunlariak gustura jardutea. Arratsalde-iluntze partean entrenatzeko ordua iristen denean entrenatzera joateko gogoa izatea, alegia. Hori horrela bada, traineruak emaitza onak lortuko dituela uste dugu, guk hala bizi genuelako. Baina ez dugu goi mailara iristearekin itsutu nahi. Talde giro ona badago, arraunlariek talde sentimendua errotuta badute, egindako lanak fruituak ematen baditu, eta hobetzeko aukera dagoela ikusten bada arraunlariei lanean jarraitzeko grina izango dute. Zein da emakumezkoen traineruaren helburua? Emakumezkoen traineruari hasiera emateko urtea izango da aurtengoa, eta urtez urte indartzen joan beharko lukeela uste dugu. Neska taldea gustura badago, herriko neska gehiago animatuko da traineruan arraunean egitera, eta euren artean giro ona badago, proiektua sendotzen joango da, ziur gaude. Egun Zarauzko bederatzi neska ditugu traineruan, eta Tolosatik etorritako beste hainbeste. Denera 18 arraunlari ditugu, baina justu samarra da zenbakia, lesioak edo azken uneko ezustekoak izan daitezkeelako. Horregatik, arraunean egitea atsegin duten neskei  gure taldean ateak irekita dituztela eta oso gustura hartuko ditugula jakinarazi nahi diegu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide