Iaz hiri hondakinen ehuneko 39,54 jaso zuten gaika, Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko martxoaren 21a

Artxiboko irudian, birziklatu gabeko zaborra (Urola Kostako Hitza) Iaz hiri hondakinen gaikako bilketa tasa %39,54ekoa izan zen Zarautzen, udalak jakinarazi duenez. 3.616.680 kilo hondakin jaso zen bereizita. 2011ean, berriz, 2.942.017 kilo bildu zituzten gaika, hondakin ororen %30,55, hain zuzen. Urtebetean, beraz bilketa tasak %9 egin du gora. Horrez gain, 1.100.000 kilo errefusa gutxiago—2011ean 6.688.470 kilo errefusa jaso zituzten eta 2012an 5.531.050 kilo bideratu zituzten Urtetako zabortegira— bildu zen iaz eta materia organikoak 1.000 tonako muga pasatu du lehenbiziko aldiz. Bestalde, 2011tik 2012ra bitartean 500.000 kilo hondakin gutxiago—2011ean 9.630.487 kilo jaso zituzten eta 2012an 9.147.730 kilo— jaso dira guztira. Horiek kaleko edukiontzietan jasotako datuak dira. Horri garbigunean—bertan ez dira Zarauzko hondakinak soilik jasotzen—, lorazaintzan, zerbitzuetako, hondatza garbiketako, araztegiko, obra txikietako industriaguneetako atez atekos sistemaren bidez bildutako hondakinak gehituz gero, 15.273.904 kilo hondakin bildu dira guztira. Horietatik 5.462.254 kilo gaika bildu ziren; 9.811.650 kilo errefusa jaso zen orotara. Ildo horretatik, bereizita jasotako hondakinen tasa %35,76koa izan zen iaz. Erabakia, kontsentsuatua Pasa den asteartean jarri zen martxan Hondakinen Mahaia, eta datuok azaldu zizkieten bertaratu zirenei. Alizia Osa Ingurumen zinegotziak jakinarazi zuenez, askotariko eragileak eta udal ordezkariak bildu ziren lehenbiziko bilera horretan. Ekimenaren helburua, birziklatzea bultzatzeaz gain, hiri hondakinen gaikako bilketa tasa hobetzeko egungo sisteman egin beharreko aldaketak adosteko «ahalik eta kohesio handiena» lortzea baita. 2014. urte amaierarako %70eko birziklatze tasa lortzea izango da mahaiaren helburua. Aurretik «bide luzea» duten arren, herritarren «esfortzua» eskertu zuen Mikel Goenaga zerbitzuetako zinegotziak. Hala ere, prebentzioan indarra egin behar dela nabarmendu zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide