Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azken urtetan Zarauzko Udala eta gazteria «pixka bat urrun» daudela dio Aser Lertxundi Gazteria zinegotziak. Gertutasuna bilatzeko eta gazteen beharren inguruan hausnartzeko asmoz, «ezinbestekoa» da eurekin batera plangintza bat osatzea: «Udaletik landu beharreko politika goitik beherakoa izan beharrean, behetik gorakoa behar du izan; hau da, elkarrekin osatutakoa».. Halako hausnarketa duela urte dezente egin zutela gogoratu du Lertxundik: «Hainbat elkartetako ordezkariak eta herriko hainbat gazte elkartu ziren, errealitatearen azterketa egin eta gazteriak zertan egin behar zuen indarra hausnartzeko». Gazteria zeharkako gaia dela dio, «ez da soilik Gazteria departamentutik kudeatu beharreko zerbait»: «Gazteek dituzten aldaketa gogoak jakinarazi egin behar dira, eta sail horri dagokio udalaren eta euren arteko zubilana egitea. Argi dago plangintza gure ikuspuntutik soilik lantzen badugu, arrakasta gutxi izango duela».
Ildo horretatik, plangintza osatzeko prozesua abiatuko dute. «Aurrekontuak osatzeko parte hartze prozesuan gazteekin bildu eta haiekin sailean dauden diruak partekatu genituen, gazteek euren kezkak azaleratu zituzten eta gauzak beste modu batera egiteko gogoa zutela erakutsi zuten». Bide horri jarraituz eta «aurrera begira saila gazteen ahotsa ordezkatu dezan udalean», hainbat bilera egingo dute gazteekin: «Haiei hitza emanez eta inolako presiorik gabe, lehenengo pertsonan euren kezkak ezagutu nahi ditugu, poliki-poliki haien nahiak asetzen joateko».
Lehenbiziko bilera gaur egingo dute, Etxezabalako gelan 19:00etan. Gazte eragile, elkarte eta «gazte sentitzen direnak» deitu dituzte bertara. Gazteria sailetik prestatutako metodologia azalduko dute bileran eta zein arlo landuko dituzten esan, «elkarrekin bidea egiteko». «Hainbat aspektu zehaztuta ditugun arren, bileran bertan finkatuko dira, gazteen ekarpenekin», adierazi du Gazteria zinegotziak.
Hainbat gai planteatuko dituzte: lan mundua, hezkuntza, etxebizitza, aisialdia... Adin tartea ez dutela mugatuko esan dute, eta bilera irekia izango dela. «Hausnarketa sakonak egiteko beharrezkoa da ezagutza maila bat, baina horrek ez du esan nahi 15-16 urtekoek ezin dutenik ekarpenik egin. Beharrak beste modu batera sentitzen dituzte. Hori dela eta, guztien ekarpenak ongietorriak izango dira», nabarmendu du Lertxundik.
Aurrez, diagnosia
Marian Galarraga Gazteria teknikariak adierazi duenez, Gazteria saila «Gaztelekutik eta aisialditik harago doan zerbait» izatea nahi dute: «Beste departamentu guztiak gazteriaren betaurrekoak janztea nahi dugu, egiten duten guztian gazteak kontuan izatea, alegia». Elkarlanaren bidez, Gazteria plana abiatzeko asmoa dute. Horretarako, aurrez diagnosi bat egin behar dela dio: «Gazteen kezkak identifikatu nahi ditugu, haien errealitateari argazkia atera. Hortik ideia nagusiak atera eta helburuak ezarri behar dira, lehentasunen arabera». Hori hamabost aldiro egingo dituzten bilerekin «mamitzeko» asmoa dute.
Horretarako konpromisoa eskatu diete gazteei. Uda bitartean gazteekin eurekin lan ildoak zehaztu, horien inguruan hausnartu, helburuak finkatu eta horiek batzea aurreikusi dute. Gerora Galarraga berak kronograma moduko bat egingo luke, eta gazteekin adostu ostean, abian jarri.