Iban Estebez (eskuinean) eta Yuri Ponpilio boxeolariak, Euskal Konbat ekimenaren aurkezpenean atzo. (Amaia Ventas/Hitza)
Egitaraua
Amateurrak
- 1. saioa. Paco Bueno taldeko Axier Gasteizko Moraren aurka.
- 2. saioa. Paco Buenoko Yeroy Anoetako Ibanen aurka.
- 3. saioa. Paco Buenoko Rafa Bilboko Ion Larriñagaren aurka.
- 4. saioa. Paco Buenoko Mohaa Anoetako Ramon Ciden aurka.
- 5. saioa. Paco Buenoko Nagore Gasteizko Cobaren aurka.
Profesionalak
- 1. saioa. Estebez Cuperen aurka.
- 2. saioa. Ponpolio Velezen aurka.
Larunbatean goi mailako boxeo ring bilakatuko da Zarauzko Udal Kiroldegia. Errenteriako Paco Bueno eta Hernaniko King Boxing boxeo taldeek antolatuta eta Zarauzko Udalaren eta Kirol Patronatuaren babesarekin Euskal Konbat ekimena antolatu dute. 22:30etik aurrera boxeolari amateurrak zein profesionalak lehiatuko dira. Amateur mailako bost borroka izango dira, hiru minutuko hiru
round-etan banatuta. Gerora, «gaueko izarren» txanda izango da. Iban Estebez errenteriarrak eta nazioartean lehian jardun duen Yuri Ponpilio donostiarrak valentziar banari egin beharko diote aurre, Rube Cupe eta Julio Velezi, hurrenez hurren. Hiru minutuko lau round jokatuko dituzte profesionalek. Gogotsu azaldu da Estebez: «Ea borrokaldi polita eskaintzen dugun eta irabazten dugun noski. Garaipena etxean gera dadila».
Gipuzkoako Boxeo Federazioko lehendakari Manolo Kortajarena ere «gustura» agertu da halako ekitaldia Zarautzen egiteko aukera eskaini dietelako: «Zarautzen boxeoarekiko zaletasun handia dago. 60. eta 70. hamarkadetan Cachi Bachi gimnasioan jarduten zuten boxeolari askok izen handia lortu zuten, tartean, Urtain anaiek, Manolo Carrasco eta Juaristi, e saterako».
Duela bizpahiru urte Mariano Larrañaga
Cayo boxeolariari omenaldia—Jon Treku boxeolari oiartzuarrak hartu zuen parte bertan— egin zieten udalerrian eta horrek Zarautz boxeo munduarentzat «garrantzitsua» dela berretsi zuen, Kortajarenaren arabera. Bat egin du harekin Alfonso Zarmorita boxeo entrenatzaileak: «Oso gau polita pasatu genuen, jendeak gozatu egin zuen borrokaldiekin. Horregatik pozik gaude berriz ere Zarautzen izateagatik».
Ildo horretatik, udalak erakutsitako konpromisoa eskertu dute biek ala biek: «Egun ez da erraza halako ekitaldiak aurrera ateratzea. 60 eta 70. hamarkadetan bere loraldia izan zuen. Krisiak krisi, boxeolari onak ditugu egun ere eta baita harrobia ere».
Sarrerak eta pisaketa
Euskal Konbat boxeo ikuskizunaz gozatu nahi dutenek aurrez zein egunean bertan erosi ahalko dituzte sarrerak. Zarautzen Aritzbatalde tabernan izango dira salgai txartelak eta Zumaian, berriz, Zumaia Gym gimnasioan.
Ring-eko eserlekuak 17 euro kostako du aurrez erosten bada, eta harmailetakoak, berriz 13 euro. Egunean bertan garestiago salduko dute sarrera bakoitza: 20 euro kostako du ring-eko eserlekuak eta 15 euro harmailetakoak.
Bestalde, ostiral arratsaldean egingo dute boxeolarien pisaketa. Txiki Polit jatetxean izango da, 19:00etatik aurrera.