Alex Gonzalez Txabarri: «Lehia dela eta, dantzarien kalitatea ere handia da»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko martxoaren 12a

La Bella y la bestia musikala Espainia eta Euskal Herriko 17 hiritan zehar biran dabil. Valentzian da egun, eta baita Alex Gonzalez Txabarri (Zarautz, 1988) ere. Guztira bost pertsonaien paperak egiten ditu zarauztar gazteak musikal horretan. Hori aitzakia hartuta, bere ibilbideari eta dantza munduko lehiakortasunari buruz hitz egin dio UROLA KOSTAKO HITZA-ri. Nola suertatu zitzaizun La bella y la bestia musikalean lan egiteko aukera? La Bella y la bestia-n lan egiteko beste edozein musikaletako prozedura bera jarraitu behar da. Lehenbizi, curriculuma bidali behar da enpresako datu basera. Hori lehenenbiziko kanporaketa izaten da. Deitzen badizute, casting-a egiteko aukera izaten duzu epai-mahai baten aurrean. Normalean hiru fase izaten dira, finalera iritsi arte. Kantu eta dantza probak egiten dira orduan. Nik hiru probak gainditu nituen, eta hala lortu nuen La Bella y la Bestia musikalean lan egiteko aukera. Zein da zure papera? Nik Salerorena egiten dut. Musikal honetan dantza gehien egiten duen pertsonaietako bat da Salero. Hala ere, bost pertsonaia ditut funtzio osoan zehar. Zeintzuk dira zure beste pertsonaiak? Herritarrena egiten dugunean, hasieran, kandela saltzaile baten roja daukat, eta baita otsoarena eta tabernariarena ere. Musikalaren amaieran, Salero izateari utzi, eta gizaki bihurtzen naiz, beste gainontzeko pertsonaiak egiten duten bezala. Bilbon izan zineten abenduaren 7tik 16ra. Zer moduzko harrera izan zenuten? Egia esan, nik uste oso ona izan zela. Egunero sarrera guztiak edo ia guztiak saldu ziren. Jendearen erantzuna zoragarria izan zen Arriagan bertan ere. Emankizun bakoitza bukatzerakoan, txalo zaparradak ikaragarriak ziren. Bestelako musikaletan hartu al duzu parte? Zein motatako lanak egin dituzu orokorrean? Bai, beste musikal handi batean, Madrileko Gran Viako antzokian Hair musikalean hartu nuen parte. AEB Ameriketako Estatu Batuetan oso ezaguna da obra hori. Vietnamgo gerraren kontrako jardueren, hippie mugimenduaren eta manifestazioen laburpena eta historia kontatzen du, besteak beste. Beste lan gehienak haurrei zuzenduriko musikaletan zein iragarkietan egin ditut; El Pozo eta  eta Moet Chandon marken publizitate kanpainetarako, kasu. Madrilen egin dituzu ikasketak. Nolatan erabaki zenuen dantzari izan nahi zenuela? Uste dut betidanik izan nahi izan dudala dantzari. Unibertsitatean kazetaritzako bigarren ikasturtean nengoela, eta Bilbon bizi nintzela, dantza eskolak hartzen hasi nintzen. Eta azkenean ilusio eta gogo pixka batekin, Madrilera ikastera joateko aukera izan nuen. Lehiakortasun handia al dago mundu horretan? Bai, ikaragarria da lehiakortasuna. Pentsa zenbat dantzari dauden, eta ez Espainia mailan soilik, nazioartean ere bai. Ondorioz, zaila izaten da lana lortzea hainbeste dantzari izanda. Baina horrek badu alde ona ere: hainbeste dantzari izanda, kalitatea eta maila handiagoa da. Orain La Bella y la bestia-rekin zabiltza biran. Aurrera begira beste proiekturik ba al duzu eskuartean? Bada hau da egunero dantzari guztiok geure buruari egiten diogun galdera. Egia esan, ez dakit. Dakidan bakarra zera da, La Bella y la bestia musikalarekin irabazten dudan diru gehiena gorde eta atzerrira joateko baliatuko dudala. Han dantza eskola gehiago jasotzeko eta ahal dudan formakuntza onena izateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide