Pilota jaialdiaren aurkezpena. (Argazkilaria: Fernando Lopetegi)
Alboko esklerosi amiotrofikoa duten gaixoen aldeko pilota jaialdia izago da gaur gauean Zarauzko Aritzbatalde Kiroldegian. Bertan lortzen den dirua Adela elkarteari laguntzeko izango da, eta honek gaixotasuna duten pertsonentzako bideratuko du. «Eritasunaren tratamendua oso garestia da», azaldu du elkarteak.
Pilota partidak 22:00etatik aurrera jokatuko dituzte, eta goi mailako norgehiagokaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Alde batetik, Aritz Lasa eta Laskurain, Jaunarena eta Pascualen aurka lehiatuko dira. Bestetik, gaueko partida nagusian Bengoetxea VI.a eta Beroizek osatutako bikotea Arretxe II.a eta Beginoren aurka lehiatuko da. Inolaz ere, goi mailako pilota jaialdia eta elkartasuna uztartuko ditu ikuskizunak.
Gaixotasun «gogorra»
ELA gaixotasuna ezezaguna da herritar askorentzat. «Burmuinetik giharretara aginduak bildatzen dituzten neuronek lana egiteari uzten diote. Denborarekin, giharreen funtzioak pixkanaka geratzen joaten dira, eta Alboko Esklerosi Amiotrofikoa duen gaixoa paralizatuta geratzen da», diote elkarteko kideek. Egoera horrek gaixotasuna aurrera doan heinean gainontzekoekin komunikatzea eragozten die ELA duten gaixoei, eta «oso gogorra» izaten da.
Horretaz gain, liseriketa eta arnasketa sistemei eta hitz egiteko gaitasunari ere eragiten dio. Eritasunaren sendabiderik ez dute aurkitu oraindik, eta boluntarioz osatutako Adela elkarteak gaixoen eta horien zaintzaileen bizitza kalitatea bermatzeko lana egiten dihardu. «Gaixoen bizitzari ezin diegu minutu gehiago eman, baina minutuei bizitza ematen saiatzen gara».
Gaixoen beharrak asetuz
Adela elkarteak, ELA dutenen beharrak asetzeko, gaixotasunean zehar laguntzen diete, alde
batetik. Eta bestetik, errehabilitazio zerbitzua eskaintzen die, eta eritasunaren ondorio psikologiko larriei aurre egiten laguntzen die. Zerbitzu horiek zentru espezializatuetan eskaintzen dituzte, eta gaixoak horietara bertaratu ezin duenean, etxean bertan eskaintzen diote tratamendua.
Nahi izanez gero herritarrek diru ekarpena egin dezaketela jakinarazi du Adelak, elkartearen 3035 0060 42 0600080637 kontu korrontean.