Warda Mallal Dantza Eskolako dantzariak, jaialdi batean; erdian, beltzez, Warda Mallal bera.
Asteburuan ikuskizun jainkotiarra izango da Modelo aretoan. Izan ere, Gudaren jainko Ares; eguzkiaren jainko Ra; ilargiarena, Artemisa; maitasunaren jainko Afrodita; Atenea, jakinduriarena; animalien zaintzaile Bast; tratu txarrak jasan dituzten emakumeen babesle Kali; ugalkortasunaren jainko Nefertiti eta antzinako mitologiako beste hainbat jainko haragitu, eta dantzan jarriko ditu Warda Mallal Dantza Eskolak . Nazioarteko dantzari profesionalen eskutik, Afrika, Txina, Euskal Herria, Maroko, Turkia, Grezia eta Egiptoko dantzez gozatzeko aukera izango dute herritarrek larunbatetik aurrera.
Ekialdeko bigarren dantza ikuskizunean, gainera, hip hop txapelketa egingo dute, baita askotariko dantza ikastaroak eskaini ere.
Profesionalak jainko
Warda Mallal dantzari oriotarrak azaldu duenez, maila handiko dantzariak bilduko dira larunbatean. Besteak beste, Youssef Batanero gertutik ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Batanerok Egiptoko dantzak «ongi» ezagutzen ditu, eta azken urteotan mundu zabalean zehar dantzan jardun du. Ares eta Ra jainkoena egingo du horrek. Besteak beste, Cairoko dantza jaialdian parte hartu duen Analia, berriz, Artemisa izango da. Miren Ripak egingo du Afroditaren papera eta Leire Mendozak, berriz, Atenearena.
Mallal berak ere parte hartuko du Ekialdeko dantzen ikuskizunean. Paper garrantzitsuak izango ditu, gainera. Batetik, azti handi, jainko ama handi, jainkoen erregina, naturaren indar ernaltzaile, amatasun edota jaiotzaren jainkoa haragituko du; Isis, hain zuzen.Bestetik, Nefertitirena ere egingo du, ugaltasunaren jainkoarena, baita animalien babesle Bastena ere. Chia Samaliat Belly Dance taldea izango du lagun oholtza gainean. Dantza txinatarrak ere egingo dituzte elkarrekin, abanikoekin lagunduta.
Dantza induak eta turkiarrak eskainiko dituzte, bestalde, Olgan dantzariak eta bere konpainiak, Cia Raat Ki Rani-k. Artexivu taldeak kutsu afrikarra jarriko dio jaialdiari, kontinente horretako dantza tipikoak taularatuz. Ekialdekoaz gain, Euskal Herriko mitologiak ere izango du tartea Modelon. Akelarre erakustaldia egingo dute, besteak beste.
«Mitologia zer den erakutsi nahi diegu ikusleei, erritual ezberdinak eta jainkoen esanahia herritarrei gerturatu», adierazi du Mallalek. 19:30ean hasiko dute jaialdia. Sarrerak aurrez erosteko Warda Mallal eskolara (Zigordia kalea, 52) jo beharko da. 10 euro kostako da txartel bakoitza. Egunean bertan erosiz gero, garestiagoa izango da: 12 euro. Modeloko leihatila ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago zabalduko dute, sarrerak saltzeko.
Txapelketa eta tailerrak
Larunbatean hip hop txapelketa egingo dute, Modelon bertan, 11:30etik aurrera. Bi mailatan lehiatuko dira dantzariak: profesional zein amateur mailetan. Mallalek jakinarazi duenez, dagoeneko Orioko, Errenteriako zein Usurbilgo taldeak eman dute izena.
Besteak beste, Sergio Nguema izen handiko dantzari profesionalak aukeratuko du maila bakoitzeko dantzari onena. Profesional onenak 700 euro eskuratuko ditu eta amateurrak, berriz, 250 euro. Nguemak epaile lanak egiteaz gain, hip hop erakustaldia ere eskainiko du.
Horrez gain, Batanero, Ripa eta Mallalek sabel dantza eta dantza tribal ikastaroak eskainiko dituzte asteburuan, Ebro Etxean. Hip hop eta breack dance tailerrak ere izango dira, Nguema eta Anboloren eskutik, hurrenez hurren. Izena eman zein informazioa lortzeko 637-25 68 51 telefonora deitu beharko da.