Ostegunetik aurrera, gazteen formazioari buruzko saioak Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko martxoaren 6a

Saioak:
  • Martxoak 7, osteguna. Formakuntza eta beken inguruko saioa, Mireia Arrona Gazte Informatzailearen eskutik.
  • Martxoak 14, osteguna. Hezkuntza sistemari buruzko saioa eskainiko du Edurne Izagirre Gaztelekuko koordinatzaileak.
  • Martxoak 21, osteguna. Boluntariotzari buruz ariko da Mireia Arrona Gazte Informatzailea.
  • Apirilak 11, osteguna. Sareko baliabideen inguruko saioa eskainiko dute, lan bilaketarako webguneak, curriculum ereduak eta hizkuntzak ikasteko programak, besteak beste.
Gazteak, formakuntza eta mugikortasuna hitzaldi zikloa antolatu dute Gaztelekuan. Gazte informazio bulegoan azken aldian etorkizunarekiko kezka agertu dute gazte askok: «Gaur egun dagoen lan eskaintza eskasiarekin, gazteak kanpora joateko nahia edo asmoa agertu ohi dute baina ez dakite nondik nora jo, zein bide edo aukera izan daitzeketen», azaldu dute Gaztelekutik. Horri erantzuteko antolatu dute ekimena, gaika banatuta. Hala, lau saio izango dira: formakuntza eta nazioarteko bekei; hezkuntza sitema eta bide ezberdinei; boluntariotza eta Europako enplegu sareari eta sareko baliabideen inguruan. Hitzaldi horiek guztiak Gaztelekuko hirugarren solairuko ikuskizun aretoan emango dituzte,  ostegunetan 18:00etatik aurrera. Bihar egingo dute lehenbizikoa, Mireia Arrona Zarauzko Gazte Informatzaileak zuzenduta. Jakinarazi dutenez, saio guztiak dinamikoak izango dira, gazteen interesei egokitzeko helburuarekin. Iraupena ere parte-hartzaileen araberakoa izango da. Parte hartu nahi dutenek gazteinformazioa@zarautz.org helbidera mezua idatzi dezakete. Saioen inguruko informazio gehiago eskuratzeko 943-005122 telefonora  deitu daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide