Irisgarritasun baldintzak bermatuko ditu Zarauzko herri autobus berriak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko martxoaren 6a

Autobus berriak hamalau eserleku izango ditu, eta 65 bat lagunek bidaiatu ahalko dute zutik. (Argazkia: Amaia Ventas) Aurrerantzean herritarrei zerbitzua eskainiko dien autobus berria aurkeztu zuten atzo eguerdian. Duela hilabete pasatxo herri barruko autobusak su hartu ostean, eta ordezkoa lortu bitartean, Alustiza enpresari alokatu zion Zarauzko Udalak beste bat. Mikrobusak, ordea, zenbait irisgarritasun baldintza betetzen ez zituela eta, arazoak sortu zizkien herritarrei. Horren aurrean, Zarauzko Udalak Donostiari autobus egokitu bat alokatzea erabaki du. Atzo jarri zuten martxan. Ildo horretatik, Donostiako Udalak agertutako prestutasuna txalotu zuten Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik eta Mugikortasun zinegotzi Mikel Goenagak. Autobus berri horrek herritarren behar oro aseko dituela azaldu zuen Goenagak, aurrekoak ez bezala. Izan ere, barrualdea egokituta dauka: ez du koskarik, ezta zonalde batetik besterako alderik ere, laua da. Horrez gain, elbarrientzako arranpalak ditu, baita mugikortasun murritza duten herritarrentzat egokitutako eserlekuak ere. Era berean, hiru ate ditu autobusak. Horrek erosketak egitetik datozenei edota objektu astunak daramatzatenei asko lagunduko diela adierazi du Mugikortasun zinegotziak. Halaber, autobus berria aurrekoa baino handiagoa dela azaldu du Illarramendik, jende gehiago kabitu dadin. Zehazki, 9,70 metro neurtzen ditu, aurrekoak baina pare bat gehiago. 14 eserleku ditu guztira, eta gutxi gorabehera 65 bat lagun sartzen dira, zutik. Egokitua eta handiagoa izateaz gain, Donostiako Udalari alokatutako autobusa merkeagoa dela jakinarazi zuen Mugikortasun zinegotziak. Hilean 2.555 euroren truke—kopuruari BEZ, eta aseguru eta mantenu gastuak gehitu behar zaizkio— erabili ahalko dute. Errentan hartutako aurreko autobusa, Alustizarena, garestiagoa zen; eguneko 200 bat euro gehiago kostatzen zen. Garraio zerbitzua hobetu Zarauzko Udalak herriko garraio zerbitzua indartzeko asmoa du, eta autobus egokitua alokatu izana da lehenbiziko pausoa. Autobus zerbitzuaren ibilbideak aldatu zituztenean, eskaerak egiteko epea zabaldu zuen udalak, herritarren kexak eta ekarpenak jasotzeko. Askok autobus egokitu baten beharra nabarmendu zuten, eta zentzu horretan beste pauso bat eman du udalak. Era berean, markesina berriak jartzeko ere proposatu zuten, eta duela pare bat aste hiru eraiki zituzten udal langileek: ikastola parean, Azken Portu Goian eta suhiltzaileen etxe aurrean. Gipuzkoa kalean  ere beste bat jartzea aurrekusi dute. Halaber, eskaerapeko geldialdiak ere egingo ditu autobusak Hiruerreketan, Azken Portu Goian eta Asti inguruan. Udan goiko kanpinera ere igoko da; horretarako geltokian bertan egongo den botoi bati sakatu beharko diote erabiltzaileek, eta zerbitzuaren ordutegi barruan egiten bada, automatikoki bertaratuko da autobusa. Epe labur-ertainera, gainera, Mugi txartel bakarra ere erabili ahal izatea espero du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide