Erreskate teknikak ikasiko dituzte lehen sorospen ikastaroan (Argazkia: Gurutze Gorria)
Zarauzko Gurutze Gorriaren Herri Biltzarrak haurren lehen sorospen, lehen sorospen eta uretako sorospen ikastaroak antolatu ditu. Dagoeneko hasi dute lehenbizikoa, eta eskolak astelehenetik ostiralera izango direla gogoratu dute, 18:00-20:00 bitartean.
Martxoaren 16an hasiko dituzte besteak. Edonork parte hartu ahalko du lehenbizikoan, eta bertan ezusteko gaixotasun edo istripu baten aurrean eman beharreko oinarrizko pausoak ikasiko dituzte parte-hartzaileek, bihotz-biriken berpizkundea, zaurien zaintza eta beste hainbat aspektu landuz.
Uretako sorospen ikastaroan, berriz, itsasoa aztertzen ikasiko dute, babeserako, prebentziorako eta erreskaterako teknikekin batera. Bi ikastaro hauek ezinbestekoak izango dira udan uretako sorosle izan nahi dutenentzat.
Ikastaroetan izena eman ahal izateko baldintza bakarra bete beharko da; lehen sorospen ikastaroan parte hartzeko gutxienez 16 urte izan beharko ditu parte-hartzaileak eta 18 urte uretako sorospen ikastaroan parte hartzeko. Era berean,EHU Euskal Herriko Unibertsitatean aukera askeko kredituak lortzeko baliogarria da.
Ikastaroen inguruko informazio osatuagoa lortzeko eta izena emateko, 610-102872 telefonora deitu beharko da, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 19:00etara, edota mezua idatzi
zarautz@cruzroja.es helbide elektronikora.