Aser Lertxundi: «Egun inoiz baino garrantzitsuagoa da Udalbiltzaren papera»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko otsailaren 28a

(Amaia Ventas/Hitza) Espainia «oilo harrapaketan» ari dela dio Aser Lertxundik (Zarautz, 1975). «Udalak izkina batera eraman eta haiei eskumenak kentzen ari da, zentzu gabe uzten, banaketa murrizteko». Ildo horretatik egun Udalbiltzaren papera «oso garrantzitsua» da talde sustatzaileko kidearen ustez, «Euskal Herriari bere izate zabala aitortu eta euskaldun oro ordezkatuko duen erakundea sortzeko». Etzirako deitu duzue Udalbiltzaren batzar eratzailea. Zeintzuk dira aurrekariak? 1999an sortu zen Udalbiltza, bost helburu nagusirekin: Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea, Euskal Herriko egitura politikoa eraikitzen laguntzea, Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea, herrialde guztietako udalerrien artean harremanak sendotzen laguntzea eta  Euskal Herria nazio berezkoa eta desberdindua dela adieraztea nazioartean. Hasierako Udalbiltza horretan kontzeptu bat zen garrantzitsua: euskaldunak batuko gintuen erakunde bat behar zela. Egun Euskal Herria hiru administrazioren menpe dago: EAE eta Nafarroa Espainiako Estatuaren barruan eta iparraldea Frantziakoaren baitan. Hor sortzen da Udalbiltza,  euskaldun guztiak ordezkatuko gaituen erakundea izateko nahiarekin. Behetik gorako erakundea da: herriak izango lirateke oinarrizko administrazioak, eta hortik zerbait zabalagoa lortuko genuke. Hala jaio zen Udalbiltza. Gerora gorabeherak izan ditu: bitan banatzen da, EAJk bere kabuz ematen ditu pausoak, aurreko gatazkaren ondorioz... ETAk armak utzi edota bere ekintza bertan behera utzi eta erabaki horrekin aurrera jarraitzen duenean, nazio bezala gure izate hori aldarrikatzeko eta udaletako lanak eta bestelako jardunak ere kudeatzeko modu berriak sortzeko zerk lotzen gaituen aztertu behar dela ikusten da. Hori dela eta, duela urte eta piko alderdietako ordezkariak eta zinegotziak biltzen hasi ginen. Batzuekin talde sustatzailea eratu eta batzar eratzailea egin bitartean atzeko lanketa guztia egitea egokitu zitzaigun, garai bateko egiturak—partzuergoa, kohesio funtsa, udalbiltzakoa eta beste hainbat —aztertu eta berritzeko, besteak beste. Lanketa hori eginda, batzar eratzailea bilduko da. Zein izango da saio horren helburua? Zuzendaritza talde berria aukeratuko da bertan, eta horri orain arte egindako lanketa pasatuko zaio, gobernu plana osa dezan bi hilabetean. Hautetsiek egindako ekarpenak izango dituzte kontuan gobernu plan horretan, bi urteko epean hainbat gauza aurrera eraman ahal izateko. 1999an hasi zuen ibilbidea Udalbiltzak. 14 urte pasatu dira. Erronka berriak ba al ditu? Hasierako bost helburu horiek hor daude, orduan ez baitziren asetu. Egun Euskal Herriak maila berean jarraitzen du. Erronka berriak badaude, ordea. Krisi garaian gaude, eta elkartasuna eta herrien arteko harremanak landu eta egoera ekonomiko honi aurre egiteko planteamenduak badaude. Azkenean, Udalbiltzaren lana ez da soilik aldarrikapen nazionala egitea; haren egitekoa da baita ere egiturak lantzea. Euskal Herriaren egituraketan indarrak jartzea, administrazio, elkarte eta enpresen artean sinergiak sortzea, esaterako. Ildo horretatik, Udalbiltzak loctite lana egin behar du administrazio ezberdinen mende dauden herriekin, euskaldunon arteko kohesioa helburu.  Nolakoa da egungo egoera? Egun zaila da, administrazioek izugarrizko indarra dutelako. Une honetan Espainiako Estatua oilo harrapaketa egiten ari da: izkina batera eraman eta gaitasunak kentzen ari dira udalei, haien eskumenak Foru Aldundiak edota Autonomi Erkidegoak bere gain hartzeko. Udalak nabarmen zentzu gabe uzten ari dira krisiaren aitzakian. Horiek herritarrengandik gertuen dauden erakundeak dira, bestelako estamentukiko presio puntuak, eta horiei funtzioak kentzen ari dira. Horrek banaketa murrizten du, eta herritarrei aukerak gutxitu beren izate maila mantentzeko. Hori bidegabekeria izugarria da.  Horri aurre egitea da Udalbiltzaren helburua, udaletatik eta udalei babesa eskainiz. 1.227 hautetsik adierazi dute atxikimendua; haien artean, 149 alkatek. Hala ere, zenbait kanpoan geratu dira. Bai, nik uste EAJk Udalbiltzan egon beharko lukeela. Pertsonalki, pena dela uste dut. Egungo testuinguru politikoa irakurri behar da. Izan ere, askotan iruditzen zait gaurko autonomia egitura horretan oso eroso dagoela, EAEko gehiengoa baitauka, eta horrekin jokatzen baitu. Euskal Herriaren izaera zabala, hiru administraziotan zatituta dagoena, deserosoa egiten zaio, hortaz, izan dezakeen indarra murriztu egiten delako. Hori da nire sentsazioa. Nik uste dut harago begiratu behar dela. Euskal Herria zerbait zabala dela, sentitze bat dela eta norberaren buruan dagoen heinean existitzen dela. Badakit EAJko jende askok hori sentitzen duela, baina iruditzen zait auziaren garapena nolakoa izango den ikusteko zain dagoela. Ez zain egoteko esango nien horiei, eta ekarpenak egiteko. Izan ere, hasierako Udalbiltza hartan lekua zuen EAJk. Harreman pertsonalek eta botere kontuek ez dute uzten proiektu batek izan dezakeen potentzial guztia garatzen. Ez ziren garai errazak. Borroka armatua itzuli zen eta banatu egin zen Udalbiltza. Orain ETAk behin betiko su etena mahai gainean jarri duen arren, garai batean sortu zen ilusioa sortu nahi eza ere badago. Bere garaian buru-belarri hasi ginen, baina gerora porrota egon zen. Ondorioz, gizartean sortutako ilusioa zapuztu egin zen. Orain hartu dugun bide hori egokia dela argi geratu den arren, ilusio hori berpizteak badirudi beldurra ematen duela. Egungo testuinguruak aurrera egiteko bidea ematen du, jendeak erantzungo badu, behinik behin. Edozein proiektu berritzailek inplikazioa, ilusioa eta lan egiteko gogoa eskatzen du. Inoiz baino garrantzitsuagoa da egun Udalbiltzaren figura.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide