Guztia berehalakoa izan da, bat-batekoa: eskaintza, hausnarketa eta erabakia. David Agirrezabalaga
Kapaxko (Zarautz, 1986) eskubaloi jokalariak Amenabar Zarautz taldea utzi, eta Quabit Guadalajararekin sinatu berri du hiru hilabeterako. Denboraldi bukaera bitartean, beraz, Asobal Ligan lehiatzeko aukera izango du. Bere bi anaiek —Mikelek eta Albertok— aspaldi eman zuten jauzia goi-mailara, eta orain berari tokatu zaio txanda.
Goizetik gauera Guadalajarako jokalari bihurtu zara. Fitxatze prozesua benetan azkarra izan da zurea.
Astebeteko kontua izan da, bai. Astearte batean (otsailaren 12an) deitu zidan anaia Mikelek Guadalajarako entrenatzaile Mateo Garraldak nirekin kontatu nahi zuela esanez; izan ere, elkarrekin jokatu zuten Leongo taldean, eta harremana dute. Egia esan, zalantzak izan nituen: Amenabarren oso gustura nengoen eta denboraldi erdian taldez aldatzeak pena ematen zidan. Taldekideekin eta entrenatzailearekin hizketan aritu nintzen, eta guztiek Asobal Ligan jokatzeko aukera alferrik ez galtzeko esan zidaten. Ostegunean (otsailaren 14an) baiezkoa eman nien Guadalajarakoei, eta astelehenerako (otsailaren 18rako) haiekin entrenatzen ari nintzen.
Goi-mailan lehiatuko zara aurrerantzean: Asobal Ligan. Sekulako jauzia izango da, ezta?
Hala da, bai. Zarautzen jada zaletasun moduan jokatzen nuen, eskubaloiaz gozatze aldera. Orain, Asobal Liga jokatu ahal izatea bestelako esperientzia bat izango da, baina jauzi handia ere bai, noski, orain artekoarekin alderatuz gero. Jokalari guztiak profesionalak dira, eta fisikoki ere ongi prestatuta egoteaz gain, handiagoak eta indartsuagoak dira.
Aterik ez zenuen itxita izango, baina espero al zenuen halako deirik?
Jada ez nuen espero. Bidasoan eta Barakaldon aritu nintzen jokatzen, egun Amenabar dagoen mailan (Ohorezko Zilar Mailan), eta aurtengo denboraldirako Zarautzera itzuli nintzen. Egia esan, herrian geratu eta lagunartean jokatzeko asmoz itzuli nintzen. Egia san, denboraldi txukun jokatzen ari nintzen, gol dezente sartuz. Bestalde, Guadalajarako bigarren entrenatzaile Vicente Cotrinak ezagutzen ninduen, Zarautzen ibili baitzen bere garaian jubenilak entrenatzen, eta ongi hitz egin zuen nitaz. Azken finean, guztiak bat egin du.
Aurtengoa izaten ari al da zure denboraldi onena?
Agian, bai. Barakaldon ez nuen zorte handirik izan; lehen urtean lesioa izan nuen belaunetan, eta errekuperatu bezain pronto, meniskoa apurtu nuen. Bi urte egin nituen ia jokatu gabe, eta aurten Zarautzera itzuli naiz guztiz errekuperatuta. Orain arteko partidetan ez dut arazo fisikorik izan, eta jokoaz gozatzen ari nintzen.
Teucroren aurkako partidan jokatu zenuen azkenekoz Amenabarrekin, eta bederatzi gol sartu zenituen.
Agur hobea izan zitekeen partida irabazi izan bagenu. Azken garaipen batekin utzi nahi nuen taldea, baina ezinezkoa izan zen.
Gogorra egin al zaizu Zarauzko taldekideak agurtzea?
Sekulako pena eman dit, oso gustura nengoelako. Nire erabakiarekin huts egingo banie bezala sentitzen nintzen. Kide guztiek, ordea, babesa eman didate, lasai joateko eta ez kezkatzeko esanez. Baita Asobal Ligan jokatzeko aukera aprobetxatzeko ere. Taldekideek nirekin izan duten jarrera bikaina izan da.
Hiru anaietan azkena zara goi-mailan debutatzen. Azkenean iritsi da.
Bi anaiak oso gazterik eman zuten profesionaletan jokatzeko urratsa. Mikel 18 urterekin iritsi zen Bartzelonara, eta Albertok 17 urte zituela egin zuen debuta Leonekin. Niri gehiago kostatu zait. Asobal Ligan pentsatzen ez nuenean etorri da eskaintza, eta aprobetxatu egin dut.
Behintzat, arantza kendu duzu.
Tira, bai... Dena dela, ez nuke arantza zenik esango. Lagunek behin eta berriz gogorazten zidaten nire anaiek Asobalen jokatzen zutela, eta ea nik noiz jokatu behar nuen. Goi-mailara iristea ez dela horren erraza erantzuten nien beti. Orain horretarako momentua iritsi dela, oso pozik nago.
Hiru hilabeterako sinatu duzu kontratua. Denboraldi bukaera bitartean izango zara, beraz?
Oraingoz, hiru hilabeterako sinatu dut. Ez dakit ni neu moldatuko naizen eta taldea bera ere nirekin gustura geratuko den. Beraz, bi aldeon artetik erabaki zuzena hartu dugula uste dut, eta gero ikusiko dugu jarraitu ala ez.
Guadalajarara iritsi zarenean zer moduzko taldea topatu duzu?
Inpresio ona egin dit. Telebistatik banekien zein talde zen, eta hainbat jokalari lehendik ere ezagutzen nituen, nire bi anaiekin batera jokatu dutelako noizbait. Azken finean, eskubaloi munduan guztiok ezagutzen dugu elkar. Guadalajarari dagokionez, jakin banekien nola jokatzen zuen. Talde ona eta indartsua da; maila onekoa, hain zuzen ere. Gainera, eskuzabal hartu naute, eta jende jatorra topatu dut.
Ligako azken jardunaldian Bartzelonaren aurka lehiatuko zarete, maiatzaren 25ean. Partidan Mikel anaiaren aurka jokatzeko aukera izango duzu. Lehen aldia izango al da?
Berezia izango da. Inoiz ez naiz haren aurka lehiatu, eta estreinakoa Asobal Ligan izatea sekulakoa izango da, zalantzarik gabe.