Botereari buruzko saiakera

Aritz Mutiozabal 2013ko otsailaren 26a

Katharina Fricke argazkilari alemaniarraren unibertso fotografikoa hartu du Photomuseum Argazki eta Zinema Museoak, Droben (Han goian) erakusketaren bitartez. 2011n Goethe Fun­dazio­ak antolatutako argazki lehiaketa irabazi zuen argazkilariak, eta horri esker, hilabete pasatu zuen Madrilen aipatutako proposamen artistikoa lantzen. Botereari buruzko saiakera fotografikoa izan zen egonaldiaren emaitza, eta orain Zarautzen ikus daiteke martxoaren 24a bitartean. Droben hitz aleman arrunta da, baina denboraren poderioz, bi esanahi egin ditu bere; bata, «umore distiratsua» da, eta bestea, «denen gainetik». Izenburuak ez dio erreferentzia egiten proiektua lantzerakoan erabilitako perpekstibari. Argazkilariak zer ikusten duen eta nola ikusten duen adierazi nahi izan baitu bere obrarekin. Hainbat sailetan Erakusketa bere osotasunean ulertzen bada ere, hainbat argazki sail edo atal dagoela esan daiteke. Alde batetik, multinazionalen eraikinak eta arkitektura nahiz estatua historikoak irudikatu ditu modu oso pertsonalean, boteretsuen handitasunaren lekukotasuna erakutsi nahian. Bestetik, hiriko bizitzaren egunerokoa irudikatzen du, sekuentziak bailiran, eta horietan aurkikuntza arraroak betikotu ditu; besteak beste, zurezko Askatasunaren Estatua, Mao Zedong-en  mausoleokoaren puzzlea, bihotz itxurako borroka-fusilen edo hegazkin bonbaketarien pegatinak eta Txinako bitxi merkeak. Era berean, kaleko jendea ere jaso du argazkietan, Paar (bikotea) izeneko hiru lanetan. Horietan kaletar bakoitzaren plano orokorra eta lehen planoa batzen ditu; lehen planoan  jendea den bezala agertzen da, eta bigarrenean, berriz, argazkilariak nahierara marraztuta. Azkenik, estudioko erretratuen azterketarekin osatzen da erakusketa. Irudikatutako pertsonek keinu estatikokoa dute, agintarien erretratu historikoak gogora ekarriz, eta boterea argiztapen artifizialarekin islatuta.  Lau dira sail honetako lanak: Perpektive (perspektiba), Haitung (postura), Kleidung (janzkera) eta Schatten (itzalak), hain justu. Oro har, antzeztutako argazkiz, xehetasun txikienera arte kalkulatutako eta nahita eginiko argazkiz, eta irudi profanoz osatuta dago Katharina Fricken Droben erakusketa. Gisa horretan, hizkuntza fotografiko subertsiboa eta ironikoa sortu nahi du. Bere saiakera fotografikoa, gainera, zatikatuta, zirriborro modura edo horma-irudi izaerarekin aurkezten du, ikusle bakoitzak bere erara ulertu dezan, irakurketa propioari bide emanez. Martxoan, Argazki Bilera Katharina Frickeren erakusketaren ondoren, Aste Santuarekin bat eginik, Photomuseumek XXI. Argazki Bilera antolatuko du. Urtero bezala, bost argazki erakusketa egingo dituzte herriko hainbat aretotan. Photomuseumen bertan bi erakusketa egingo dituzte: bata, Bertol Brecht idazlearen inguruko Berliner ensemble eta bestea, Pierre Petit erretratugilearen Aurpegi entzutetsuak. Sanz Enea kultur etxeak 1891ko Arte aretoa erakusketa kolektiboa hartuko du; Torre Luzea erakusketa aretoan Teresa Ormazabalen Saiakuntza ikusi ahal izango da; eta Zazpi galerian, bien bitartean, Rafael Ocioren Disonantziak. Bilerako erakusketa guztiak martxoaren 26an zabalduko dituzte, Pierre Petit-i buruzkoa salbu; hori apirilaren bukaeran zabalduko dute

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide