Martxoaren 12an bilduko da Zarauzko Hondakinen Mahaia

Zarauzko Hitza 2013ko otsailaren 22a

Zarauzko Udal gobernuak duela bi aste iragarri bezala, hondakinen mahaia martxan jarriko da martxoaren 12an, arratsaldeko 20:00etan.

Mahaia sortzearen arrazoia, 2012ko maiatzean Udalbatzak gehiengoz adosturiko %70eko gaikako bilketa tasa lortzeko hondakinen gaian adostasuna lortzea da, horretarako beharrezko aldaketak adostu eta ahalik kohesio handiena lortzeko. Egun tasa hori %40tik beherakoa da. Ildo horretatik, udalbatzar hartan onartu bezala, udalaren helburua  2014. urte amaierarako %70eko bilketa selektibo tasa lortzea da.

Horretarako martxoaren 12an bilduko da lehenbizikoz Hondakinen Mahaia, horren funtzionamendua eta bilera datak adosteko alderdi eta eragileen ekarpenak jasotzeko. Bilera horretan, 2012ko hondakinen bilketako datuak ere aurkeztuko dira.

 Mahaiaren funtzioak

Mahaiaren funtzioak honakoak izatea lehenetsiko da: egungo egoeraren datuen azterketa egitea; helburua lortzeko bidean aurkezten diren proposamenak aztertzea; eman beharreko pausoak bateratzea; beharrezko berrikuntzen bateratzea ematea eta aldaketarik balego, irizpideak finkatzea, beti ere, bideragarritasun ekonomikoa eta helburuen lorpena bideragarri izan beharko dutelarik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide