Herriko «puntu ilunak» hobetzeko lanean ari da Zarauzko Udala

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko otsailaren 21a

Hainbat herritar Hiri debekatuaren maparen inguruko saio batean. (Amaia Ventas/Hitza) Zarauzko Udala herriko «puntu ilunak» hobetzeko lanean ari da. Hiri debekatuaren mapa proiektuaren baitan herritarrek eta zenbait eragilek egindako proposamenak aztertu, eta horiek nola aurrera eraman aztertzen ari da. «Lanean ari gara bidegorri sareari jarraipena eman eta mugikortasuna hobetzeko. Adibidez, Santa Klarako azpigunearen gaia berreskuratu, eta hari irtenbidea ematea aztertzen ari gara», adierazi du Mikel Goenaga Herrilaneko zinegotziak. Horrez gain, txostenean jasotako proposamenei erantzuten ahaleginduko direla nabarmendu du. «Askok arazoak izango dituzte auzi  ekonomikoak direla medio, baina departamentu bakoitzak ahalegina egingo du jasotako gabeziak hobetzeko ». Ildo horretatik, Hiriako kideek udalaren konpromisoa goraipatu du: «Prozesuak Berdintasunaren eta Hirigintza eta Herrilan sailen arteko komunikazio fluxua eratu du. Lankidetza harremanak eratu dira, eta Berdintasun Kontseiluak zer esana izango du aurrerantzean Udalak garatzen dituen proiektuetan genero ikuspegia bermatu dadin». Kolektibo horretako Saioa Zuazubiskak Vista Alegre auzora igotzeko igogailua eraikitzeko udalaren asmoa aipatu du adibide gisa. 72 partaide Pasa den iraila aldera  abiatu zuen Zarauzko Udaleko Berdintasun Sailak Hiri debekatuaren mapa osatzeko proiektua, Elhuyar Aholkularitza eta Hiria Kolektiboarekin elkarlanean. Zarauzko puntu ilunen diagnosia egin, eta herritarren segurtasuna eta erosotasuna bermatzea da egitasmoaren helburua, herritarren egunerokotasuna eta genero ikuspegia uztartuz. Ildo horretatik, «emakumeek eta gizonek aukera berarekin eta segurtasun osoz ibiltzeko Zarautz egiteko ahalegina» egin dute prozesu horren bitartez. Horretarako herriko hainbat eragilerekin lan tailerrak egin zituzten iaz, adinekoekin, udal ordezkari eta teknikariekin, Berdintasun Kontseiluko kideekin eta  Hezkuntzako ordezkariekin, kasu. Hiria kolektiboko kideek jakinarazi dutenez, guztira 72 pertsonek hartu dute parte  saioetan, emakume eta gizonezkoen kopurua parekidea izan dela. Lantalde horietan egin zituzten ekarpenak lau ardatzetan —ekipamendu sarea, espazio publikoen sarea, libre ibiltzeko askatasuna eta mugikortasuna— oinarrituta aztertu eta txostena osatu dute gerora. Lau dira txostenean nabarmendu dituzten ondorio nagusiak. Ekipamendu sareari dagokionez, kultur ekitaldietara bideratutako guneen gabezia dagoela nabarmendu dute herritarrek, eta espazio publikoen alorrean, naturarekin lotura duten espazio libreak urriak direla.  Mugikortasunaren esparruan, Zarautzen oinez eta bizikletan ibiltzeko sare jarrairik ez eta bidegorri sarearen eta oinezkoentzako kaleak egitearen beharra dagoela adierazi dute. Libre ibiltzeko askatasunari lotuta, berriz,  zenbait auzok— Azken Portu Goiak, Vista Alegrek eta Itxasmendik, batez ere—  erdigunearekin lotura egokirik  ez dutela eta trenbidea zein Nafarroa kalea zeharkatzeak arazoak ekartzen dituela gaineratu dute, eta lurpeko pasabideak ez direla seguruak. Urtarrilean proposamen horiek landu zituzten parte-hartzaileekin, talde dinamiken bitartez. Herritarrek bi gairen inguruko lanketa egin zuten: bidegorri sarearen diseinua zein erdiguneko zenbait guneren peatonalizazioa eta erabilera anitzeko espazio baten diseinua. Zarauzko Udala proposamen horiek lantzen ari da egun.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide