Zarauzko garagardo azokako kartel lehiaketa abian jarri dute

Aritz Mutiozabal 2013ko otsailaren 18a

Jair Neguerelak irabazi zuen iazko kartel lehiaketa. (Argazkia: Zarauzko Rugby Taldea) Azken urteetako ekimenarekin jarraituz, Zarauzko Garagardo Azoka iragartzeko kartel lehiaketa antolatu Zarauzko Rugby Taldeak. Adin nagusiko edozeinek hartu ahal izango du parte bertan, baina gehienez ere bi lan aurkezteko aukera izango du egile bakoitzak. Epea ostiral honetan bukatuko da, otsailaren 22a bitartean, eta sormen-lanak Zarautz Kirol Elkartearen bulegora bideratu behar dira; bulego ordutegia 10:00etatik 14:00etara da, eta 17:00­etatik 19:00etara. Lanek ez dute egilearen daturik agerian eramango. Kartelarekin batera, kartazal itxi batean, parte-hartzailearen datu pertsonalak eta nortasun agiriaren fotokopia bidaliko dira. Kartazalaren kanpokaldean eta lanaren atzealdean lanaren izenburua jarri beharko da. Estiloa eta teknika libreak dira, baina Zarauzko Garagardo Azokaren ingurukoa izan beharko du. Hori horrela, Zarauzko XIII. Garagardo Azoka, 2013ko martxoaren 27tik apirilaren 1era, itsas pasealekuaren ondoan 12:00etatik 01:00era lerroburuak eta oharrak eraman beharko ditu ezinbestean. Horrez gain, azokan zerbitzatuko diren garagardoen logoak ere itsatsi beharko dira. Logo horiek www.garagardoazoka.info web orrian daude eskuragai, edo ZKEren bulegoetan, CD batean. DIN A3 neurrian joanbeharko dute diseinuek, eta egileek bost zentimetroko tartea utzi beharko dute orriaren behekaldean antolakuntzak bere logoak jar ditzan. Sari bakarra egongo da, eta irabazleak 300 euro eskuratuko ditu. Horrez gain, azokako kartelak eta eskuorriak egiteko erabiliko dute irudi saritua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide