Aurten Zarauztik Mundura jaiari arreta berezia jarriko diote, kanpotik etorritakoen eta bertan jaiotakoen arteko harreman guneak sortze aldera. (Aritz Mutiozabal/Hitza)
«Zarautzen bizi garen guztiak gara zarauztarrak, berdin dio bertan jaiotakoak edota munduko beste muturretik etorritakoak garen, besoak zabalik eta irribarrez hartu nahi ditugu guztiak», dio Immigrazio teknikari Julen Arangurenek: «Zarautz, azken batean, bertan bizi garen guztion herria baita. Dozenaka hizkuntza eta kultura biltzen dituen lekua. Aniztasunak inoiz baino aberatsago eta koloretsuago bihurtu duen eremua. Mundua herri bakar batean». Zentzu horretan, «munduko bazter guztietatik iritsitako lagunen» harrera bermatzeko, «inor baztertua senti ez dadin» eta herritarren arteko bizikidetza bultzatzeko lana egin du Zarauzko Udalak azken urteotan.
Aurten eta datozen urteetan ere joera bera izango du Zarauzko Udalak. Izan ere, 2013rako erronka zehatzak finkatu ditu Immigrazio sailak. Hala, «batera bizitzetik elkarrekin bizitzera» salto egiteko asmoa du, «jatorri ezberdinetako zarauztarrok bat egingo dugun guneak sortzeko, aparteko taldeak sor ez daitezen eta etorri berriak gehiago integra daitezen».
Horretarako, «arreta berezia» jarriko diote Zarauztik Mundura jaiari aurten. Ekimen horren helburua, bizikidetza baketsuaren bitartez, bertakoen eta kanpotik etorritakoen arteko harreman gunea sortzea da. Horrekin batera, herritarrei Zarauzko kultur aniztasunaren berri ematea, arlo horretan dabiltzan elkarteen lana erakustea, herritarrek bizilagun berrien gizarteratze prozesuan parte hartzea eta zarauztarrei nahiz inguruko bizilagunei aisirako esparru bat eskaintzea du xede, besteak beste.
Aurten maiatzaren 25ean ospatuko dute eta berrikuntza ugari izango ditu. Seigarren urtea izango da jaia antolatzen dutena, eta Munoa plazako karpa utzi eta kalera lekualdatuko dute festa, «guztion jaia bihur dadin». Horretarako, datozen egunetan herriko talde, eragile, elkarte eta elkarte gastronomikoekin harremanetan jarriko dira Immigrazio sailetik, jaian parte hartzera gonbidatu eta kultur aniztasunaren onarpenaren aldeko idatzia izenpetu dezaten.
Euskara, tresna eraginkorra
2012an hainbat programa abiatu zituen Immigrazio sailak etorkinen integrazioa bermatze aldera. Lan horretan udalak hainbat ildo nagusi jarraitu du 2012. urtean. Batetik, euskararen bitartez eta euskara tresna eraginkor gisa baliatuz etorri berrien integrazioa landu du, Auzoko, Aisa eta Harrera programen bitartez, besteak beste.
Bestetik, Zarautz «denok osatzen» dutela eta askotariko immigrazioaren emaitza eta ondorioa dela ikustarazten saiatu da, zenbait ekitaldiren bitartez. Horren adibide dira Etorkinen Nazioarteko Egunean Jon Maiak emandako hitzaldia, Euskararen Eguneko ekitaldia eta Zarauztik Mundura jaia. Jarrera baztertzaileei aurrea hartzeko sentsibilizazio kanpaina ugari ere antolatu ditu, ikastetxeetan abiatu dituzten programak zein Zurrumurruen Aurkako Sarea, kasu.
Azken horren erronka herrian bolo-bolo dabiltzan estereotipo eta zurrumurruak identifikatu, horiei aurre egiteko gida prestatu eta kaleratu eta zurrumurruen aurka eragile sarea sortu eta formatzea izan da. Gerora, eragile horiek herritarrekin landuko dute gaia. Guztira, 25 bat lagunek hartu dute parte SOS Arrazakeriak eta Zarauzko Immigrazio sailak antolatutako programan.
Horrez gain, etxeko lanen araudiari buruzko informazio kanpaina ere egin zuen iaz.