Inoiz bukatzen ez den prozesua

Aritz Mutiozabal 2013ko otsailaren 12a

Alber Palomera erakusketako lanak aurkezten. (Alber Palomera/Hitza) Mugimenduan eta sekuentzian oinarritutako lana da Dialéctica. Alber Palomera artista barakaldoarrak azken hilabeteetan landutako erakusketa, eta orain Sanz Enea kultur etxean estreinakoz jendaurrean erakusgai jarri duena. Walter Benjaminen The work of art in the age of its technological reproduction saiakeran oinarrituta, Palomerak abiarazitako proiektu zabalago baten urrats berria da. Horren harira, erakusketak gogoeta egiten du mugimenduaren teorian, segidan, zineman, argazkilaritzan, kaleidoskopio-collagean, errepikapenaren estetikan, irudiaren mutazioan eta keinuaren nahiz orbanaren konbinazio polifisikoan. Ezohiko koadroak aurkeztu ditu bertan. Barne-paradoxak dituzten margolanak, nolabait esateko. Figurazioak eta abstrakzioak «hitz egiten» dute horietan, keinuekin eta marrekin, irudiekin eta hondoarekin, marrazkiekin eta pinturarekin, argazkiekin eta testuarekin. Proposamen konplexua da, eta artelaneko zati nahiz xehetasun bakoitzari arreta berezia jarri behar zaio, osotasunaren parte direlako. Zenbait koadro atalka egituratuta daude, triptiko eta poliptiko gisa. «Muturreko atalek diskurtso higikorra aurkezten dute, eta erdiko atalak, erdiko irudiak, hizketari ate bat irekitzen dio. Solasaldi gurutzatuetan biltzen duten piezekin hitz egiten du, irudi dialektikoaren bidez». Artelanak muntatuz Ikuslearen begietan desmuntatuta ageri dira artelanak, bere barruko mekanikan deseginda. Metaforak egiteko makina bezala funtzionatzen dutenez, «begirada zorrotzeko ikuslea» bilatzen du erakusketak. «Publikoa garrantzitsua da, berak bakarrik osa baitezake obra», bisitarien parte-hartzea nabarmendu nahi izan du artistak: «Lanak behatzeko minutu batzuk hartuz gero –hala nola, fraideen antzera, eseri eta begira jarri, noiz gertatuko den itxaron–, mundu berri eta bizigarri bat zabalduko den momentua iritsiko dela konturatuko dira ikusleak». Elkarrizketa piktorikoek eta diskurtso jarioek irakurketa askea egiteko aukera ematen dute. Izan ere, «pintura modu ezberdinetan irakurtzen den argiztaturiko liburu bat bezala da. Guztia aldakorra da, eta garatzen doa. Ezer ez da nahieraz existitzen». Muntatzeko modu anitzak daudenez, erakusketako koadroek ez dute amaierarik. «Ez dute filmetako The end lelorik. Irudia ikusten duen pertsona adina bukaera ditu. Perpetuum mobile batean doazen hasierak diren bukaerak dira». Hori horrela, Dialéctica «obra irekia» da, burutu gabea, oraindik prozesuan dagoena. Erakusketa martxoaren 20a bitartean bisitatu ahal izango da. Hainbat erreferentzia Benjaminen pentsamenduetatik abiatzen bada ere, Hegel, Heraclito, Darwin, Einstein, Newton eta Val del Omar bezalakoen ekarpenak ere interesatzen zaizkio Palomerari. Nolabait esateko, «amaitu gabeari, zatikatuari, eta osatu gabeari» erreferentzia egiten dioten pentsakerak. Ildo beretik jarraituz, ekialdeko gizartea eta, batik bat, Zen filosofia presente dago bere sormen lanean. «Mugimendu jarraiaz, iraunkorraz eta bilakaeraz nahiz ikaste zentzuaz hitz egiten da Zenean. Zentzumenek eskaintzen diguten errealitate aldakorraz, hain zuzen ere. Jarioan, bidean, artean eta prozesuan dago gakoa».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide