Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. (Alberto Elosegi/ Irutxuloko Hitza)
Txillardegiren figuraz ariko da etzi Jon Iturriotz. Soziologo, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta analista politikoak Jose Luis Alvarez Enparantzak soziologiari, euskarari, politikari eta bestelako askotariko alorrei egindako ekarpena aztertuko du, haren heriotzaren urteurrena aprobetxatuz. Modelo aretoan izango da hitzordua, 19:00etatik aurrera.
Zarauzko Udaleko Kultura Sailak antolatu duen
Solasean zikloaren baitako ekitaldia izango da honakoa. Egun «pil-pilean» dauden gaiez herritarrekin hausnartzea da ekimen berriaren helburua. Hala, askotariko gaiak partekatuko dituzte zarautzarrek «adituekin eta arituekin». Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek adierazi du Kultura Sailak antolatu duen arren, jorratuko dituzten gaiak «transbersalak» izango direla. Hala, hondakinez, euskaraz eta jaiez ariko dira datozen hilabeteetan, besteak beste.
Hitzaldi edota mahai inguru formatua izango dute saioek, eta batzuetan Modelon izango dira, eta besteetan, berriz, Sanz Enea liburutegiko sotoko aretoan. Udan, Sortaldea irekitzen dutenean, gunea baliatuko dute
Solasean zikloko ekitaldiak egiteko. Hilabetean behin izango dira saioak.
Askotariko gaiak
Iraila arteko egitaraua dute zehaztuta, oraingoz. Martxoan Xabier Amuriza bertsolariak
Zazpi ebidentzia berjaiotzarako hitzaldia eskainiko du, esaterako. «Aurten martxoaren 23an pasatuko da Korrika Zarauztik. AEKk hainbat ekimen antolatu du Korrika Kulturalaren inguruan, eta horren baitako hitzaldia izango da Amurizarena», azaldu du Berasaluzek. Apirilaren 23an, Liburuaren Eguna izanik, liburutegi, liburu denda eta argitaletxeek liburu elektronikoaren sasoian dituzten erronka eta bidegurutzeez hausnartuko dute. Horretarako Susa argitaletxeko eta Garoa liburudendako arduradunak eta Muskizeko udal liburutegiko langile Fernando Juarez gonbidatu dituzte. Bidegurutzeekin jarraituz, «paperaren krisiaz» eta hedabideen erronkez jardungo dute Berria Taldeko,
Gara egunkariko,
Zuzeu albistegiko eta Hamaika TBko kideek, maiatzean.
Jaien ereduari buruz ere hausnartuko dute Gurekin Jai batzordeko, udaleko eta auzoetako batzordetako ordezkariekin . Ekainean izango da hori, sanpelaioen atarian. Beste bi gai garrantzitsu lotu dituzte uztailerako eta irailerako; uztailean Kataluniaren independentziari buruz ariko da CUP alderdiko David Fernandez, eta hondakinen kudeaketa izango dute hizpide irailean. Aurrera begira, ordea, jarraipena izango du zikloak, herritarren intereseko gaiekin.
Egitaraua
- Otsailak 7, osteguna. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren inguruko hitzaldia eskainiko du Ander Iturriotzek. 19:00etan, Modelon.
- Martxoak 19, asteartea. Xabier Amurizak Zazpi ebidentzia berjaiotzarako hitzaldia emango du, Sanz Enean.
- Apirilak 23, asteartea. Liburuaren Eguna dela-eta, liburu elektronikoen sasoian liburutegi, liburudenda eta argitaletxeen erronkaz ariko dira Susa argitaletxeko eta Garoa liburu dendako kideak eta Muskizeko udal liburutegiko Fernando Juarez.
- Maiatza. Hedabideen erronkak eta bidegurutzeak mahai ingurua, Berria taldea, Gara egunkaria, Zuzeu albistaria eta Hamaika telebistako ordezkariekin.
- Ekaina. Sanpelaioen atarian, jai ereduari buruzko mahai ingurua egingo dute, auzoetako jai batzordeek, Zarauzko Udaleko ordezkariek eta Gurekin Jai festa batzordeko kideek.
- Uztaila. Katalunia, independentziaren ispiluari begira hitzaldia eskainiko dut CUP alderdiko David Fernandezek, Sortaldean.
- Iraila. Hondakinen kudeaketa Zarautzen mahai ingurua.