Josu Trueba argazkilaria
Josu Truebak (Galdakao, Bizkaia, 1981) ez zuen inoiz irudikatuko 2008an deskubritu zuen Kuba. «Komunikabideek beti irudi jakin batzuk erakusten dizkigute, berdin dio Ameriketako Estatu Batuak, Euskal Herria edo Kuba izan. Beti interesatzen zaien alderdia saltzen digute, arketipoak. Kubari dagokionez, esaterako, autoak, malekoia, mulatoak, puruak, Che Guevara eta halako kontuak ezagutzen ditugu, beti halako irudi esteriotipatuak azaltzen baitira telebista zein aldizkaritan. Nik alderdi ezezaguna ezagutu nuen, eta hori erakutsi beharra zegoela erabaki nuen».
Eta hala egin. Bertako punkiei ateratako argazkiekin, punkiek eurek aterakoekin eta Ruido Photo kolektiboak eskaini zuen ikastaroaz egindako erreportaje batekin
Al son del punk liburua osatu du, eta Banizu Nizuke elkartearekin kaleratu. Putzuzulon aurkeztuko du bihar, 18:00etan, Zaratazarautzek antolatuta.
Habanan parrandan zebilela gertatu zen guztia. Truebak 2008ko abenduan Kubara bidaiatu zuen, bertako metal taldeen inguruko erreportajeren bat egiteko asmoarekin. Zeus taldeko Dioni Arce ezagutzen zuen, eta haren etxean geratu zen. «Bigarren egunean-edo parrandara irten ginen. Kubatar bat eta euskaldun bat elkartzen direnean, edaten eta hitz egiten hasten dira. Elkarrizketa luzea izan genuen, nire lanaz, haren lanaz, Kubaz, Euskal Herriaz...Eta halako batean zera esan zidan:
Zu ez zara metal kubatarraren inguruko erreportaje bat egitera etorri, zu hau ezagutzera etorri zara».
Arcek Eskoria taldearen diskoa eman zion orduan, eta «sekulako sorpresa» hartu zuen argazkilariak. «Kuban punk mugimendua existitzen zenik ere ez nekien».
Liburuko argazkietako bat
Estereotipotatik harago
Hurrengo egunean ekin zion lanari argazkilariak. Arceren bitartez hainbat kontaktu lortu zuen. Lehenbiziko argazkia, ordea, hiru asteren buruan atera zuen. «Erreportaje serio bat egiteko jendea ezagutu behar da, eta horretarako harekin denbora pasatu behar duzu, elkarbizi. Ezin zara iritsi eta berehala argazkiak ateratzen hasi. Gauzak ez dira horrela egiten; niri ez zait horrela lan egitea gustatzen», azaldu du Truebak.
Gai garrantzitsua zela konturatu zen. «Niretzat, behinik behin». Eta «modu egokian» kontatu behar zuen. Hainbat argazki atera ostean, bisa amaitu zitzaion eta Bartzelonara itzuli zen. Argiketari moduan hainbat lan egin zuen, atzera Kubara itzultzeko dirua lortzeko. Beste bi hilabeterako
bidaiatu zuen berriz ere Habanara.
Eskoria banda legendarioko Williamekin harreman ona egin zuen orduan, eta punkaren hainbat aspektu deskubritu. «Punkien irudi estereotipatutik haragokoa islatzen saiatu nintzen. Izan ere, punkia pertsona normala da, informatikoa, mekanikoa...Punki baten egunerokotasuna erakutsi nahi nuen, parranda, kontzertu eta mozkorkeriatik harago».
Lehenbiziko pertsonan
Hirugarren aldiz lagun batekin itzuli zen Trueba Karibeko irlara. Bartzelonako Ruido Photo kolektiboko kolaboratzailea da galdakaotarra, eta haren sortzaile Pau Collekin bidaiatu zuen Habanara, ikastaro bat emateko helburuarekin. «Komunikatzeko tresna bat izateko zailtasunak dituzten pertsonentzat
Kuidado ke muerden ikastaro parte-hartzailea eskaini genuen. Guk argazkilaritza komunikatzeko baliatzen dugu, ez irudi ederrak erakusteko. Horregatik, ideia ona iruditu zitzaigun halako tailerren bat eskaintzea Kuban», nabarmendu du. Hori dela eta, ikastaro hori aurrera ateratzeko diru-laguntzak eskatu zituzten, baina ez zituzten lortu. «Badirudi instituzioentzat halakoak ez direla proiektu sozialak, haientzat ez dute baliorik. Gure lanean sinesten dugunez, egitasmoarekin aurrera jarraitzea erabaki genuen».
Hilabeteko ikastaroa eskaini zuten hala Collek eta Truebak. Hamar pertsonak hartu zuen
parte, eta hiru hilabetez jardun zuten argazkiak ateratzen. «Izugarrizko argazkiak egin zituzten, onak ziren, eta zerbait kontatzen zuten», dio. Horrek punk mugimendua lehenbiziko pertsonan kontatzeko aukera eman zion Truebari: «Nik Kuban denbora asko egin nuen arren, ez naiz kubatarra,ez naiz bertan jaio. Hori dela eta, ezin dut historia lehenbiziko pertsonan kontatu. Haiek bestelako ikuspuntua dute beren bizitzaz».
Ildo horretatik, argazki erreportajeari «beste buelta bat» emate aldera, ikasleek ateratako irudiak gehitu zizkion gerora
Al son del punk egitasmoa izango zenari. «Lengoaia askotako lana da
Al son del punk. Nik ateratako argazkiak eta haiek egindakoak biltzen ditu, baita ikastaroaren inguruan egindako DVDa ere». Bartzelonan ikusgai egon ziren.
Lan horrek Kubako punk mugimendu arrotza biluzten du. Kubako mugimendua eta Euskal Herrikoa antzekoak dira zentzu batean, Truebaren arabera: «Desberdintasunak baino, antzekotasun gehiago dute hango eta hemengo punk mugimenduek. Bata sistema kapitalistan jaio da eta bestea komunistan, baina badute lotura: biak sistema baten baitan jaio dira. Punk filosofiaren muina egungo sistema suntsitzea da, hobetzeko».
Aurkezpenaren ostean, hainbat kontzertu izango da Putzuzulo gaztetxean. Gaueko 22:00etatik aurrera, Zarauzko Metralleta, Beasaingo Colapso eta Valentziako Tempesta taldeak izango dira oholtza gainera.