Emakumeentzako Jabetze Eskolak hiru ikastaro berri antolatu ditu datozen hilabeteetarako: autodefentsa, bizikleten tailer mekanikoa eta etxeko oinarrizko konpoketak mantentze lanen ingurukoak, zehazki. Jokin Aizpuruak emango du autodefentsa ikastaroa, eta bertan nork bere burua defendatzeko oinarrizko teknikak eta ariketa fisikoak ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Larunbatetan—martxoaren 2an, 9an, 16an eta 23an— izango dira saioak, 09:30etik 13:00etara kiroldegian. 15 euroko kostua izango du ikastaroak.
Gurpilen zulaketak konpontzen, balaztak aldatzen eta katea ateratzen edo puskatzen denean nola konpondu ikasiko dute bizikleten tailer mekanikoan izena ematen dutenek, besteak beste. Kataliñak bizikletak taldeko kideek eskainiko dute, martxoaren 2an, 10:00etatik 14:00etara. Zuberoa kaleko 22. zenbakiko aretoan izango da ikastaroa, Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailaren egoitzan. Hamar euro kostako du.
Oteitza Lizeo Politeknikoan emango dituzte, berriz, etxeko oinarrizko konponketen eta mantentze lanen inguruko eskolak. Asteartetan izango dira, otsailaren 12tik maiatzaren 14ra bitartean, 15:30etik 18:00etara. Hogei euro ordaindu beharko dira izena ematerakoan. Besteak beste, etxean sortzen diren matxura eta arazo txikiak konpontzen ikasi ahalko da bertan, eta horretarako oinarrizko materiala eta erremintak ezagutuko dituzte parte-hartzaileek, esaterako.
Tailerrotan izena emateko Parekidetasun sailera ( Zuberoa kaleko 22) jo beharko da—08:00etatik 14:30era—, 943-005117 telefonora deitu edota
berdintasuna@zarautz.org helbidera mezua bidali, otsailaren 8a baino lehen.
Ikastaroon inguruko informazio zabalagoa eskuratu nahi dutenek
www.berdintasunazarautz.blogspot.com webgunea bisita dezakete. Jakinarazi dutenez, plazak izena emandako ordenaren arabera gordeko dituzte.