Juan Mari Arrizabalaga 'Belarrio' (Urola Kostako Hitza)
[Sasoian.info] Juan Mari Arrizabalaga
Belarrio (Zarautz, 1944) ZKEko presidente ohia bizitza osoa boluntario jarduteagatik sarituko dute.
Ezustean harrapatu al zaitu sariak?
Egia esan, bai. Hamahiru urte eman nituen Zarautz Kirol Elkarteko presidente, 1995tik 2008ra arte, eta gazte denboran zuzendaritza batzordean ere ibili nintzen, Pako Urkiarekin batera. Urte batzuk pasatu dira ardura utzi nuenetik, eta ez nuen uste halako saririk emango zidatenik.
Berria emateko deitu zizutenean, zer sentitu zenuen?
Poz handia sentitu nuen. Herriak egindako lana aitortzen dizunean pozgarria izaten da. Sari guztiak dira ongietorriak, eta herriak emandakoa denean askoz ere poz handiagoa ematen du. Horrelako momentuetan garai huraz gogoratzen zara, lagunez eta bidean geratu direnez.
Hamabi urte mordoxka bat da.
Lehenengo urtea behin-behinekoa izan zen. Presidenteorde nengoen, eta presidente izatera pasatu nintzen. Ondoren, hauteskundeak egin genituen, eta hala hiru agintaldi egin nituen ZKEn.
Urte horietan guztietan denetariko uneak biziko zenituen, ezta?
Hala da, bai. Igoerak, igoera faseak, ahulduta zeuden kirol atalen indartzea... Nik ardura hartu nuenean futboleko lehen taldea erregionalen 2. mailan zegoen, eta Espainiako 3. mailara igo zen; eskubaloian egun dagoen kategoriara igo ziren lehen aldiz gizonezkoak, eta maila nazionalera igo ziren, emakumezkoak; saskibaloikoen igoera; errubgikoena ere... Bazkide kopurua hazten zihoala jakiteak asko pozten ninduen. Orain ia bi mila bazkide direla jakin dudanean, ikaragarri alaitu naiz.
Momentu ez hain onak ere izango dituzu gogoan...
Bidean geratu den jendea. Adibidez, Fonsi [Joxe Mari Ortiz de Zarate] etortzen zait gogora. Laguna ere banuen, koadrilakoa, eta harreman oso berezia genuen.
Bertsozalea izanik, saria jasotzean bertsoren bat botatzera animatuko al zara?
Ez dakit... Agian, bai. Momentuan ikusiko dut, barruko gaitasunaren arabera. Askotan gertatu zait halakoetan kantuan hasi, eta bukatu ezinda geratzea. Ahal izanez gero, bertso batekin eskertu nahiko nuke saria.