'La vida de Pi' filmaren irudi bat. Modelon ikusteko aukera izango da otsailean
25.000 pertsonatik gora izan ziren Zarautzen 2012an antolatutako 129 kultur jardueretan. Zehazki, hamaika ekitaldi antolatu zituen Zarauzko Udaleko Kultura sailak Lizardi aretoan, eta 1.800 lagun bertaratu ziren. Ireki zutenez geroztik jende asko gerturatu da Modelo aretora ere. Herriko hainbat elkartek zein udalak antolatutako 28 jardueretan, esaterako, 2.000 ikusle izan ziren bertan.
Sormenari eskainitako Sortaldea gunean egindako askotariko jardunaldietan, berriz, 13.000 parte-hartzaile izan ziren. Itsas pasealekuko gune horretan antolatutako lehenbiziko erakusketak, esaterako, 10.000 bisitaritik gora izan zituen. Hiru hilabetez, uztailetik iraila bitartera izan zen ikusgai Zarautz eta Balea erakusketa.
Horrez gain, beste ekitaldi puntual batzuk ere arrakasta berezia izan zuten 2012an. Horren adierazle dira Francisco Escudero maisuaren jaiotzaren mendeurrenaren harira antolatutako 24 ekitaldiak. Guztira, 5.200 ikusle bildu zituzten konposatzaile donostiarra gogoratzeko prestatu zituzten jardunaldiek.
Era berean, 7.000 lagun inguruk gozatu zuten Kalerki antzerki topaketen baitako lanekin. Iaz antolatuko zenbait azoka ere jendetsuak izan ziren; udako artisautza azokak, adibidez, 3.000 lagun inguru erakarri zituen.
Otsailerako saioak, prest
Ekitaldion arrakasta ikusita, otsailerako Modelorako egitaraua prestatu dute dagoeneko. Adin guztietako ikusleei zuzenduriko ekitaldiak egingo dituzte bertan, Hipo eta Tomax pailasoen emanaldia, I love Rock elkarteak antolatutako Zine ModelOn ekimenaren baitako filmak, Tik tara taldearen lehen diskoaren aurkezpena eta Modeloren Lagunak taldeak antolatutako film komertzialen emanaldiak, besteak beste. Ekitaldion inguruko informazio osoa lortzeko Kultura sailaren (
www.kulturazarautz.org/modeloaretoa) edota aretoaren (
http://modeloaretoa.com) webguneak bisita daitezke.