Ezkerretik eskuinera, Izeta sagardotegiko Sebastian Iruretagoiena, Urdaira sagardotegiko Patxi Azkonobieta, Zurekin elkarteko Asier Aldalur, Turismo zinegotzi Karmele Alberdi, Zurekin elkarteko Igor Azpitarte eta Otzarreta enpresako Jose Luis Gesalaga, ekitaldiaren aurkezpenean . (Amaia Ventas/Hitza)
Arantxa Aizpurua, Lagunak erretegiko etxekoandrea omenduko du aurten Zurekin elkarteak. Larunbatean aitortuko diote zarauztarrari bizitza osoan zehar egindako lana, Sagardo Egunean. Txotx sasoiari «ongietorria» emateko antolatu du jaia Zarauzko ostalari elkarteak, hirugarren aldiz, udalaren eta turismo bulegoaren laguntzarekin. Aurten zenbait berrikuntza izango da, gainera. Alde batetik, Lege Zaharren enparantzan izan beharrean, Musika Plazan egingo dute festa. Izan ere, udaletxeko plaza itxita dago Alde Zaharra oinezkoentzako jartzeko lanak direla medio.
Omenaldiaz gain, bestelako ekitaldiak ere izango dira. Goizeko Ihintza txistulariek eta Motxian eskolako bertsolariek girotuko dute Sagardo Eguna. 12:00etatik 14:00etara izango da jaia.
Bestetik, sagardoarekin batera, txuleta pintxoak izango dira aurten protagonista. Sagardotegiko txuletaren antzeko haragi puskak erreko dituzte parrillan, plazan bertan, sagardoari laguntzeko.
Sagardoari dagokionez, etxe askotakoa probatzeko aukera izango dute larunbatean Musika Plazara gerturatzen direnek. Guztira, Gipuzkoako hamar sagardotegik—Abaltzisketako Zalbide; Adunako Aburuza; Aiako Izeta eta Satxota; Astigarragako Lizeaga eta Petritegi; Hernaniko Iparragirre eta Usurbilgo Aginaga, Urdaira eta Saizar — hartuko dute parte ekitaldian, eta bakoitzak bost bat kaxa eramango ditu. 50 botila izango dira, beraz, guztira.
Gehienak iazkoak izango direla jakinarazi dute, aurtengo sagardoa oraindik botilaratzeko baitute. Hala ere, sagardozaleek botila guztiak agortuko direla iragarri dute.
Askotariko eskaintzak
Bisitariek edalontzi bat erosi ahalko dute bost euroan, eta horrekin nahi adina sagardo dastatu. Bestalde, bi euroko txartela erosiz gero, txuleta pintxoa eskuratu ahalko da. Alai, Egoki, Eguzki, Euskalduna, Iruña, Itxas Lur, Itxaso, Joe, Kantabriko, Kulixka, Tivoli eta Txiki Polit tabernek ere bat egingo dute festarekin. Ildo horretatik, sagardo botila bat eskatuz gero, mokadutxoa doan eskuratuko dute bezeroak.
Horrez gain, sagardoarekin prestatutako menuak dastatzeko aukera ere izango da Egoki, Itxas Lur, Lagunak eta Txiki Polit jatetxeetan. Festa aprobetxatuz, herrian gaua pasatu nahi dutenei ere eskaintza berezia egingo die zenbait ostatuk; Alameda, Ekia, Igerain, Musika Plaza, Norte, Olatu, Gran Camping, Talaimendi, Txiki Polit, Zarautz eta Zarautz Playa ostatuek, hain zuzen.