Etxeko talentua, etxeko enpresan

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urtarrilaren 22a

Programan parte hartu duten gazte sustatzaileak eta enpresetako ordezkariak, ostiralean. (Amaia Ventas/Hitza) Urrian abiatu zuen Urola Kostako Udal Elkarteak Talentu ihesa ekiditen progama, ikasketa maila handiko gazteak eta egitasmo berriak garatu nahi dituzten eskualdeko enpresak harremanetan jartzeko. «Programak erakutsi digu kualifikazio altuko gazte asko ditugula eskualdean, eta talentu hori galtzeko edo kanpora joateko arriskua dugula», adierazi du mankomunitateko lehendakari Amaia Guruzetak. Horrekin batera, nazioarteko merkatuetan sartzeko eta produktu edota zerbitzu berriak garatzeko eskualdeko enpresek laguntza behar dutela ohartu dira. «Bi osagai horiek elkartzea izan da programa horren helburua». Guztira, eskualdeko 24 gazte kualifikatuk, hamabi enpresak eta elkarte batek hartu dute parte, eta ostiralean egin zuten programa horren amaierako ekitaldia. Bertan, gazte bakoitzak landutako egitasmoak aurkeztu eta diplomak bana eman zieten, besteak beste. Programa hori garatzeko, nazioartekotzari eta barne ekintzailetzari buruzko prestakuntza saioak jaso dituzte gazteei. Horren ondoren, eskualdeko enpresentzat proiektu zehatzak landu dituzte parte-hartzaileek, Gipuzkoako Merkataritza Bazkundearen, IMH Makina Erremintaren Institutuaren eta Udal Elkartearen tutoretzen laguntzaz. Proiektu bana Behin ikastaroak jasota, lau ardatzetan oinarritu dira gazte sustatzaileak proiektuak sortzeko.  Alde batetik, lau gaztek Mentoring programa jorratu dute, horrek ezartzen dituen urratsak jarraituz enpresa berri bat sor zezaten. Bestetik, Ondorengo bila programaren bidez, enpresei jarraipena emango dieten ondorengoak aurkitu dituzte. Enpresaren barnean ekin programarekin, berriz, enpresen negozio arloa dibertsifikatzeko aukerak landu dituzte bederatzi gaztek; produktuak, zerbitzuak eta sektorea zabaltzeko enpresek duten aukera jorratu dute. Azkenik, enpresa bateko produktuak esportatzeko edo atzerrian negozio ildo berriak martxan jartzeko aukerak landu ditu hamahiru gaztek, Nazioarteko programaren bitartez. Ildo horretatik, parte-hartzaileek egitasmo bana jorratu dute eskualdeko enpresen lehiakortasuna areagotze aldera. Enpresentzako hamazazpi egitasmo (hamaika nazioartekotzari buruz eta sei produktuak zein zerbitzuak dibertsifikatzeko estrategien inguruan) landu dituzte, sektore arloko lau proiektu (hiru enpresa barnekoak eta bestea nazioartekotzekoa) eta eskualdean negozio eredu berriak garatzeko hiru proiektu, hain zuzen. Programa «oso aberasgarria» izan dela nabarmendu zuen parte-hartzaileetako batek, Alexander Charola zarauztarrak. Nazioartekotze programan jardun du lanean gazteak, eta alderdi praktikoa bereziki «lagungarria» dela  adierazi zuen: «Unibertsitatean teoria asko irakasten dute, baina praktika ez dute lantzen. Hori da arazoa». IMHko Fermin Lazkanok, coaching saioez arduratu den Olaia Sainzek eta Gipuzkoako Merkataritza Bazkundeko Ana Ugaldek gazteen gaitasuna goraipatu zuten. «Enpresek zuen atea jotzen duten bitartean, baduzue etxekolanik. Garrantzitsuena ikasitako guztia zuen buruari aplikatzea da, zuen etorkizunari ekiteko», adierazi zuen Lazkanok. «Gakoa eta estrategia da munduan zabalduta dauden baliabideak gu gauden lekura ekartzea da, argitasunez, ekinez eta lankidentzaz».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide