Lanak direla- eta, Alde Zaharrerako sarrera itxita dago. (Amaia Ventas/Hitza)
Zarauzko PSE-EE ez dago ados Alde Zaharra oinezkoentzat jartzeko hasi duten «obra erraldoiarekin». «Peatonalizazioaren alde gaude, baina ez obra erraldoi horrekin. Aurrekontuak oraindik onartu ez, eta Bildu jada horiek hipotekatzen ari da dagoeneko oinezkoentzat egokituta dagoen Alde Zaharrean lanak hasita». Egungo testuinguruan bestelako lehentasunak daudela nabarmendu du Gloria Vazquezek, batez ere arlo sozialean.
Irisgarritasunari dagokionez ere, beste hainbat gabezia badagoela gaineratu du Patxi Elolak, eta horiek Alde Zaharra peatonalizatzea baino «premiazkoagoak» direla. Horiek datorren hilaren 30eko plenoan bozkatuko duten irisgarritasun planean jaso dituzte, Alde Zaharraren peatonalizazioarekin batera. Honakoak dira, Elolaren arabera, herriko irisgarritasuna hobetzeko eman beharreko pausoak: herriko kale batzuetako espaloiak txukuntzeko asfaltatze plana, Vista Alegre eta Azken Portu Goiko irisgarritasuna hobetu, Gurmendiko ertza eta Altzola eta Egaña kaleak urbanizatu, Santa Klara parean lurrazpiko pasabidea egin eta aparkaleku gehiago egokitu, besteak beste.
Bi milioi euro
Ildo horretatik, Alde Zaharra peatonalizatzeko «dirutza» hori xahutzea «astakeria eta arduragabekeria» dela zehaztu dute. Guztira 764.289 euro kostako da Zigordia eta San Frantzisko kaleak elkartzen diren ertzetik Santa Marina kalerainoko gunea oinezkoentzat jartzea. 2012ko aurrekontuetan diru partida jakin bat gorde zuten lan horretarako, eta 2013ko aurrekontuarekin osatuko dute gainontzekoa. Hala ere, Alde Zaharra oinezkoentzat jartzeko obren lehenbiziko fasea dela gogoratu dute: «Ondoren Herrikobarra eta San Frantzisko kaleak ere oinezkoentzat jartzeko asmoa dute, eta horrek ere beste hainbeste diru kostako du. Guztira, bi milioio gastatzeko asmoa dute Bildukoek».
Diru kopuru hori beste arloetara bideratzeko eskatu dute, beraz, PSE-EEko ordezkariek: «Beharra duten herritarrak laguntzeko balia dezakete dirutza hori, esaterako».