Hiriko puntu ilunak argiztatuz

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urtarrilaren 17a

Hamabost bat lagun bildu ziren herenegun Etxezabalan, Hiri debekatuen mapa ekimeneko bileran. (Amaia Ventas/Hitza) Urrian abiatu zuen Zarauzko Udaleko Berdintasun Sailak Hiri debekatuaren mapa osatzeko proiektua , Elhuyar Aholkularitza eta Hiria Kolektiboarekin elkarlanean. Zarauzko puntu ilunen diagnosia egin eta egunerokotasunaren ikuspegitik lantzea da egitasmoaren helburua, herriko beharrei irtenbideak bilatze aldera. Horretarako herriko hainbat eragilerekin lan tailerrak egin zituzten iaz, adinekoekin, gazteekin, talde feministetako kideekin eta Berdintasun Kontseiluko eta Hezkuntza Saileko ordezkariekin, kasu. Herenegun, berriz, saio horietan jasotako ekarpenekin osatutako mapa aurkeztu eta ondorioak parte-hartzaileekin jorratu zituzten, talde dinamikak eginez. Hiria kolektiboko Saioa Zuazubiskak jakinarazi zuenez, herritarrek askotariko proposamenak egin zituzten tailerretan, eta horiek lau ardatzetan —ekipamendu sarea, espazio publikoen sarea, libre ibiltzeko askatasuna eta mugikortasuna— oinarrituta aztertu. Ekipamendu sareari dagokionez, eraikinak badaudela baina kultur ekitaldietara bideratutako guneen gabezia nabarmendu zuten herritarrek. Espazio publikoen alorrean ere zenbait gabezia identifikatu zituzten; Zuazubiskaren arabera, naturarekin lotura duten espazio libreak urriak direla azaldu zuten prozesuan parte hartu zuten herritarrek. «Hori dela eta, familian lasai egoteko leku aproposenak Salberdingo belazea edota Kortazar zirela ondorioztatu zuten», zehaztu zuen Hiriako kideak. Parte-hartzaileek talde dinamikak egin zituzten. Argazkian, lau lagun bidegorri sarearen inguruko proposamenak partekatzen (Amaia Ventas/Hitza) Arazo larriena, ordea, segurtasuna dela jakinarazi zuten herritarrek: «Segurtasuna ia beti mugikortasunarekin lotuta dago. Ildo horretatik, bidegorri sare jarraitu batek bi arazoak konpon ditzazkeela ondorioztatu zuten. Zarautz herri laua da, eta distantzia luzeak azkar egin daitezke bizikletaz. Bidegorri sarea osatuta balego, leku ilunetatik ere azkar pasatu ahalko litzateke bizikletan, adibidez». Gune konfliktibotzat jo zuten Nafarroa kalea, gau partean batez ere:  «Jendeak hain seguruak ez diren pasabideak erabili beharrean, batzuetan errepidea gurutzatzen dute, horrek dakarren arriskuarekin». Salberdin eta bidegorria Lanketa bi alorretan zentratzea erabaki dute, gerora. Beste beharrak baztertu gabe, Zarauzko Udalak «oso positibotzat» jo du bidegorri sarea eta espazio libreen auzia herritarrekin lantzea, erakundeak bi puntu horietan eragiteko duen aukera kontuan izanda. «Udalak bidegorri sarearen inguruan plangintza bat osatua du, eta zarauztarrekin hori lantzea oso positiboa dela jo du, irtenbidea guztien artean bilatzeko. Era berean, espazio publikoen auziari erantzuteko, Salberdin inguruko lanketa egitea adostu dute, espazio publikoa delako eta udalak bertan epe laburrera eragin dezakeelako». Alde horretatik, ekonomikoki «horrenbesteko esfortzua» eskatzen ez duten proiektuak direla adierazi zuen Zuazubiskak. Beste gabeziei erantzuteko udalak ahalegina egingo duela jakinarazi zuen, bestalde: «Esaterako, Nafarroa kalean oinezkoentzat eta bizikletan doazenentzat pasagune seguru gehiago jartzeko Aldundiarekin hitz egiteko konpromisoa hartu du». Behin ondorioen mapak aurkeztu ostean, prozesuko partaideek ikuspuntua agertu eta hobetzeko proposamenak egin zituzten bileraren amaieran. Bidegorri sareari dagokionez, malekoirako eta eskoletarako irisgarritasuna hobetzeko eta bizikletak uzteko gune gehiago sortzeko eskatu zuten herritarrek, besteak beste.  Salberdinen aisialdirako gunea atontzeko hainbat proposamen egin zuten parte-hartzaileek: autoen aparkalekua lur azpian egiteko; trenaren gaineko pasabidea kentzeko; txakurrentzat gune bat bereizteko; baratzak sortzeko eta jolasak, atsedenlekuak eta estalpea jartzeko, esaterako. Udal ordezkariek proposamen horiek guztiak jaso eta hirigintza politikan zeintzuk gehitu daitezkeen aztertzea izango da hurrengo pausoa.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide