Artezaleak taldeak espresio tailerra antolatu du. Ikastaro horretan sortze prozesua oinarritzat hartuta emozioekin egingo dute lan parte-hartzaileek. Pintura, zeramika, eskultura, dantza, erlaxazioa... hainbat elementu uztartuko da emozioak azaleratu eta bideratzeko.
"Sortzea, artea bera sendabide bat dela zioen Joseph Beuys artistak. Bere aburuz, edonor izan daiteke artista. Sortze prozesuan nork bere barrena hustu eta hein batean emozio edo bizipen horietatik askatzen baikara. Carl Gustav Jung psikoterapistak zioen moduan gizakiak gizarteratze prozesuan zuzenak edo egokiak ez diren norbere ezaugarri eta emozioak baztertzen dituela, inkontzientean gorde, pilatu. Egunerokoan, ordea, Jungek itzala zeritzon horrek nahi gabean baldintzatu eta mugatu gaitzake. Emozio eta korapilo horiek azaleratzeak gertatzen zaigun horren kontziente egiten gaitu; modu horretan gure jokamoldearen zergatia azaleratu eta egoera horretan esku har dezakegu", azaldu dute Artezaleakekoek. Hori izango da hain zuzen tailer horren helburua: sormenaren laguntzaz parte- hartzaileen emozio eta jokaeren kontzientzia esnatu eta norbere potentziala berreskuratzea. Guztira, zazpi tailer izango dira, hilabetean bana. Hileko bigarren larunbatean egingo dute, Ebro Etxean, goizeko 09:00etatik 13:00etara. Jasone Irigoien artistak gidatuko du. Tailerrek 35 euro kostako dute