Hodei Estebanek irabazi zuen iaz Emakumearen Nazioarteko Eguneko lehiaketa.
Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak Emakumeen Nazioarteko Eguneko kartel lehiaketa antolatu du eta dagoeneko aurkez daitezke lanak. Euskal Herrian bizi den 16 urtetik gorako edonork har dezake parte, banaka zein taldeka. Egile bakoitzak gehienez lan bat aurkeztu ahalko du, eta horrek originala eta argitaratugabea izan beharko du. Gaiak martxoaren 8arekin lotura izan beharko du; 2013ko
Martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna testua gehitu beharko zaio, derrigor, eta nahi izanez gero, leloren bat ere bai. Edozein ikuspuntutik landu ahalko da, edozein teknika baliatuz. Kartelak, halaber, behar adina toki izango du, udalaren logotipo ofizialak eta egun horren inguruan antolatuko diren ekitaldien egitaraua sartu ahal izateko.
Kartelak DIN A3 formatuan aurkeztu beharko dira, euskarri zurrunean, markorik edota kristal babeslerik gabe. Ez dira onartuko zilar zein urre kolorea duten lanak, ezta lau koloretik gorakoak ere. Informatika sistema bidez egindako lanekin batera koloretako erreprodukzio bat aurkeztu beharko da.
Irabazleak 600 euro eskuratuko ditu, eta lana Zarauzko Udalaren esku geratuko da. Era berean, Emakumearen Nazioarteko Eguna sustatzeko erabiliko da, eskuorriak, elastikoak, pankartak eta bestelakoak egiteko. Bestalde, udalak erakusketa antolatuko du lehiaketara aurkeztutako lan batzukin.
Urtarrilaren 25a arteko epea
Urtarrilaren 25a izango da lanak aurkezteko azken eguna. Horretarako, Parekidetasun sailera (Zigordia kalea, 33) zuzenean jo ahalko da, 11:30etik 14:30era edota postaz igorri,
berdintasuna@zarautz.org helbidera. Kartelak egilearen sinadurarik gabe aurkeztu beharko dira. Horrekin batera kartazal itxi batean eman beharko dira egilearen datuak eta nortasun agiriaren fotokopia bat.