[Sasoian.info] Helduen 69. Hondartzako Futbol Txapelketaren bigarren faseri ekingo diote gizonezkoen taldeek igandeko jardunaldian. Abendua bitartean, hasierako ligaxka jokatu dute bi taldetan banatuta. Talde bakoitzean sailkatu diren lehen lau taldeek Ligako txapelketan neurtuko dituzte indarrak; gainerakoak, berriz, Kopako txapelketan.
Iazko finaleko irudi bat (Aritz Mutiozabal/Urola Kostako Hitza)
Emakumezkoek asteburu honetan bukatuko dute hasierako ligaxka, zazpigarren jardunaldia, eta urtarrilaren 27ko jardunaldian helduko diote bigarren faseari, Liga eta Kopa txapelketetan bereizita.Igandeko partidak 10:30ean hasiko dira jokatzen, bai gizonezkoak bai emakumezkoak. Joko eremuaren markaketa lana Txanela taldeak egin beharko du, norgehiagokak hasi baino ordubete lehenago.
Eskola Kiroleko hondartzako futbol txapelketa ere aurrera darrai. Larunbatean laugarren jardunaldia izango dute benjamin eta alebin neska-mutilek. Ohiko moduan, bi txandatan banatuko dituzte partidak; goiztiarrenek 09:45ean jokatu beharko dute, eta ondorengoek, 10:45ean. Guztira, 46 partida jokatuko dituzte.
Hondartzako Futbol Txapelketako azken faseak apirilean egingo dituzte. Final-laurdenak apirilaren 7an eta finalerdiak, astebete geroago, apirilaren 14an. Helduen eta eskolartekoen final handirako hitzordua ere zehaztu dute antolatzaileek. Aurten, apirilaren 27an izango da, 11:00etatik aurrera.