Dagoeneko Zigordia eta San Frantzisko kaleak elkartzen diren puntua eta udaletxea arteko gunea markatu dute. Gune horretan egingo dituzte lehenbiziko faseko lanak (Amaia Ventas)
Astelehenean hasiko dira Zarauzko Alde Zaharra oinezkoentzat jartzeko lanekin. Helburua Zigordia kaletik Santa Marina kalerainoko gunea peatonalizatzea izango da. Horrek hainbat onura ekarriko du, Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkatearen esanetan: «Garrantzia handiko lanak izango dira horiek, herrigunea suspertu eta indartuko baitute. Oinezkoentzako gune eroso eta aproposa lortuko da hala, autoarekiko mendekotasuna murriztuz. Ildo horretatik, bizilagunen lasaitasuna eta ongizatea bultzatuko dugu, zarata eta kutsadura saihestuz».
Alkatearen arabera, bizilagunentzat ez ezik, merkatarien mesederako ere izango da aldaketa: «Kalea puntu erakargarri bihurtuko da, jendea bertaratuko baita. Hori merkatarientzat ere onuragarria izango da, dinamismo komertziala sortuko delako».
Obra hiru fasetan egingo dute. Lehenbizi San Frantzisko eta Zigordia kaleak elkartzen diren puntutik udaletxerainoko lanak egingo dituzte—astelehenean bertan hasiko dira—. Behin hori amaituta, udaletxetik Musika Plazarainoko bidea jarriko dute oinezkoentzat, eta azkenik, Alde Zaharreko plaza horretatik Santa Marina kalean dagoen Eroski dendarainoko tartean egingo dituzte obrak. Azken fase horretan Ipar kalea ere oinezkoentzat atonduko dute. Fase bakoitzak bi hilabete inguru iraungo du, eta bata bestearen atzetik egingo dutela esan du Herrilan zinegotzi Mikel Goenagak.
Lanek guztira bost hilabete iraungo dute; sanpelaioetarako amaituta egongo direla espero dute. Campezo enpresa arduratuko da horretaz, eta guztira 764.289 euroko aurrekontua izango du. Kopuru hori ordaintzeko Eusko Jaurlaritzak 203.057 euroko laguntza eman dio udalari.
Zahar itxurako galtzada
Zorua estaltzeko galtzada harria erabiliko dute, hare harri itxurakoa, zaharkitua. Ez da irristakorra izango, eta horrek herrigunean zehar «are erosoago» ibiltzeko aukera emango die herritarrei. Gainera, galtzadaren eta denda, eskaratz eta bestelako eraikinen sarreren artean egon daitezken aldeak berdinduko dituzte, «ahal den neurrian». «Modelo zinemako eta Barren Plazako sarrerak zoruarekin berdintzen saiatuko gara, esaterako», zehaztu du Goenagak.
Era berean, herriguneko etxeen aurrealdeko instalazioak lur azpira bideratuko dituzte—egun etxeetako fatxadetan daude instalazioak—.
Aldaketak
Lanok ingurunean hainbat aldaketa ekarriko ditu. Batetik, Alde Zaharrean dauden edukiontzi multzoak lekuz aldatuko dituzte, herrigunetik kanpora. Hain zuzen, Foruen , San Frantzisko (Antoniano eta Aspace parera), Nafarroa eta San Inazio kaleetara lekualdatuko dituzte. Bestetik Kiriki, Ipar eta Zigordia kalean dauden edukiontziak behin betiko kenduko dituzte.
Trafikoari dagokionez, asteartetik aurrera Zigordia eta San Frantzisko kaleen arteko Alde Zaharrerako sarrera itxita egongo da. Hori dela eta, Foruen kaletik bideratuko dituzte autoak. Trafikoa Lege Zaharren enparantzatik sartuko da, eskuineko aldetik, eta hortik Zigordia kalerako bidea baimenduko da, plaza zeharkatuz, obrek iraun bitartean. Lege Zaharren plazako ezker aldea zamalanak egiteko erabiliko da. Merkatuko ohiko sarrera itxi egingo dutenez, ezker aldetik sartuko dira, ohiko ordutegian.
Autoen joan etorria kontrolatzeko gailua jartzeko asmoa ere badute. «Autoen matrikulak irakurriko ditu gailu horrek, sartzerakoan zein ateratzerakoan. Hala, auto bakoitzak Alde Zaharrean zenbat denbora igarotzen duen kalkulatu ahalko da, eta horrek trafikoa mugatzen lagunduko digu», azaldu du Goenagak. Horretarako eskatu dute dagoeneko diru-laguntza.
Oraingoz Santa Marina kalerainoko gunean soilik egingo dituzte obrak. Hala ere, eremu hori zabaltzeko aukera ere badagoela adierazi dute, baina hori aurrekontuaren arabera egingo dutela: «Alde Zaharreko zati horri lehentasuna ematea erabaki dugu, bertan ibiltzen baita jende gehien. Horri jarraipena ematea espero dugu, hala ere. Gure asmoa Herrikobarra eta San Frantzisko kaleak ere peatonalizatzea da».