2012ko egoiliar txartela erabiliko dute zarauztarrek TAOren sistema berria zehaztu artean (Argazkia: Ganix Illarramendi)
TAOko egoiliar txartelak urte berria hastearekin batera aldatu ohi dira. Aurten ere aldatuko dituzte, baina urte hasieran izan beharrean, martxo ingurura atzeratu dute horretarako data. Izan ere, Mikel Goenaga Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez, aparkaleku sistemaren inguruko behin betiko proposamena zehaztu artean aldaketarik ez egitea erabaki dute.«TAOri buruzko proposamen berria gorpuztu bitartean ez ditugu egoiliar txartelak aldatuko, sistema berriaren funtzionamendua eta xehetasunak ez baititugu oraindik zehaztu». Ildo horretatik, 2013ko lehen hiruhilekoan (martxoa bitartean) zehar 2012. urteko txartela erabili beharko dute zarauztarrek.
Behin proposamena zehazten dutenean, erabiltzaileei etxera bidaliko diete txartela aldatzeko eman beharreko pausoen informazioa. TAO sistema berria otsailerako zehaztuko dutela aurreikusi du Mugikortasun zinegotziak; hilabete horretako udalbatzarrean proposamena bozkatzea espero du.
Balorazio positiboa
Udal ordezkariak 2012ko abenduan bildu ziren auzoz auzo herritarrekin, TAOren inguruko proposamen berria aurkeztu eta ekarpenak jasotze aldera. Besteak beste, TAO uda osora zabaltzea, Azken Portun eta San Pelaion errotazio altuko gune berriak finkatzea eta alferrikako hutsuneak saihestea du helburu sistema berriak. Goenagak bileren balorazio positiboa egin du. Haren arabera, jende ugari bildu zen saioetan; kasu batzutan 100 lagun inguru bertaratu ziren. «Herritarrek ongi erantzun dute. TAOren inguruan interesa dagoela erakutsi digute», dio. Askotariko ekarpenak jaso dituztela nabarmendu du, eta gehienak proposamenean txertatzen saiatu direla.
Urtarrilean zehar gainontzeko alderdi politikoekin bilduko da Udal Gobernua, haien iritziak jaso eta ahalik eta akordio zabalena lortzeko helburuarekin.