Zarauzko emakume arraunlariak, entrenamendu batean, ezkerrean Jexux Garmendiarekin (Argazkia: Aitor Juaristi)
Zarauzko arraun atalak bete du urtetako ametsa: emakumezkoen taldea osatzea. «Zarautz Arraun Elkarteak betidanik izan du amets hori, sortu zenetik; duela 30 bat urtetik, hain zuzen», nabarmendu du Jexux Garmendiak. Semeak, Gaizka Garmendia arraunlariak, uda amaieran jakinarazi zion herrian bazela arraunean hasteko interesa zuen neska taldetxo bat, eta entrenatzailea gisa abenturan murgiltzea erabaki zuen, Hodei Atxega bidelagun hartuta. «Ni dakidana irakasten saiatuko naiz. Hutsetik hasiko dira neskak, eta, beraz, teknikoki ahal dudana irakatsiko diet, laguntzen saiatuko naiz. Garrantzitsuena giroa sortzea da, bidea irekitzea gerora arraunean jarrai dezaten». Hori, Garmendiaren arabera, aurrerapauso handia da: «Zarautzen emakumezkoen arraun taldea osatzea dagoeneko arrakasta da».
Oraingoz bederatzi bat neska zarauztar elkartu ditu, 16 eta 22 urte bitartekoak, eta dagoeneko hasi dira entrenamenduekin. «Astean hirutan-edo elkartzen gara. Bi egunetan lehorretan entrenatzen dugu, eta astean behin itsasoratzen saiatzen gara». Kiroldegian egiten dute lehorreko entrenamendua, bolumena eta iraupena lantzeko. Ubidean teknika lantzen dute, berriz, «besoak-eta indartzeko». Horrez gain, korrika pixka bat ere egiten dute, baita bestelako proba fisiko batzuk ere. Hain zuzen, Garmendiaren ustez «ezinbestekoa» da gorputza arraunerako prestatzea. «Hala uste bada ere, arrauna ez da bereziki kirol gogorra; egia esan, ez dago kirol arinik. Norberak neurtu behar du bere burua eta gaitasuna. Egia da arraunean ipurdia, eskuak edota bizkarra kaltetu daitezkeela, baina teknika ongi barneratuz gero, mina ekidin daiteke. Oso kirol teknikoa da».
Hori dela eta, «gorputza gehiegi behartu gabe» hasi direla ohartarazi du Garmendiak, «pixkanaka-pixkanaka». Helburua ez da lehiakortasuna sustatzea, konfiantza eman eta zaletzea baizik. «Giroa sortzea da garrantzitsuena, partaide bakoitzak konfiantza hartzea eta ahalik eta txukunen arraunean jardutea», zehaztu du.
Tolosarrekin elkarlana
Taldetxoa bildu bai, baina hasieran ez zuten trainerua osatzeko adina kide elkartzea lortu. Hori dela eta, ZAE beste herrietako elkarteekin harremanetan jarri zen. Tolosatik erantzun ona jaso dute: «Bertan trainerua osatzeko zortzi bat neskatxa bazirela esan digute». Horiekin koordinatzea izango da hurrengo pausoa. Ildo horretatik, Garmendia Tolosako arduradunekin programa osatuagoa zehazten ari da egun. Otsailerako debutatzea aurreikusi dute, Orion egiten duten proban.
Hainbat lagun elkartu bada ere, arraunean hasteko interesa dutenek oraindik aukera dutela jakinarazi du entrenatzaileak. Hamazazpi urtetik gorako neskak animatu ditu arraunean hastera. Interesa dutenek 636-56 25 90 telefono zenbakira deitu, edota
zae001@gmail.com helbidera mezua bidal dezakete.