Bakarka baina elkarrekin

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko abenduaren 19a

Sinplea, intimista da Lou Topeten musika. Abeslari estatubatuarren eragina du, eta gitarra eta aho-soinu bana nahikoa ditu entzuleak bereganatzeko. Batzutan, ordea, ez du musika tresna horien babesa soilik izaten; 31. zuloko tripulazioa-k laguntzen du askotan. Hain justu, bihar talde  horren konpainia izango du Euskalduna tabernako oholtza gainean. Zarauztarrak estreinako kontzertua eskainiko du Kafe Torero egitasmoaren baitan, The 31st Crew taldearekin batera. 21:30ean hasiko da emanaldia, eta sarrera debalde izango da, ohi bezala.   Izen artistiko horren atzean  Oier Aranzabal (Bilbo, 1988) kazetaria dago. Garabi taldea desegin zenean, Axier Arriaga taldekidearekin elkartzen hasi zen, «zerbait egiteko asmoarekin». Izan ere, zarauztarra ez da «geldirik egotekoa». «Konturatu nintzen gehien gustatzen zitzaizkidan musikariak gitarra batekin soilik abesten dutela; ia gehienak estatubatuarrak dira», dio. Hori dela eta, Kafe Toreroko Xabier Etxeberriari proposatu zion American balads gaua moduko ekitaldi bat antola zezaketela, Woody Guthrie eta tankerako abeslariei omenaldia egitearren. Ekimena ez  zuten aurrera atera, ordea. Hala ere, proiektu bat sortuta zegoen dagoeneko. «Amerikarren abestiak hartu eta jotzen genituen Arriaga eta biok, asko euskarara itzulita», azaldu du.  «American balads gaua izan behar zuenak azkenean abesti berrien sorrera ekarri zuen». Izan ere, gustua hartu zion gitarra jotzeari, eta kantuak sortzen hasi zen. Proiektu propioa eta taldea Pasa den [...]

Sinplea, intimista da Lou Topeten musika. Abeslari estatubatuarren eragina du, eta gitarra eta aho-soinu bana nahikoa ditu entzuleak bereganatzeko. Batzutan, ordea, ez du musika tresna horien babesa soilik izaten; 31. zuloko tripulazioa-k laguntzen du askotan. Hain justu, bihar talde  horren konpainia izango du Euskalduna tabernako oholtza gainean. Zarauztarrak estreinako kontzertua eskainiko du Kafe Torero egitasmoaren baitan, The 31st Crew taldearekin batera. 21:30ean hasiko da emanaldia, eta sarrera debalde izango da, ohi bezala.

 

Ezkerretik eskuinera, Unai Martinez, Ander Zulaika, Oier Aranzabal eta Oihan Larrañaga (Argazkia: Juan G. Andres)

Izen artistiko horren atzean  Oier Aranzabal (Bilbo, 1988) kazetaria dago. Garabi taldea desegin zenean, Axier Arriaga taldekidearekin elkartzen hasi zen, «zerbait egiteko asmoarekin». Izan ere, zarauztarra ez da «geldirik egotekoa». «Konturatu nintzen gehien gustatzen zitzaizkidan musikariak gitarra batekin soilik abesten dutela; ia gehienak estatubatuarrak dira», dio. Hori dela eta, Kafe Toreroko Xabier Etxeberriari proposatu zion American balads gaua moduko ekitaldi bat antola zezaketela, Woody Guthrie eta tankerako abeslariei omenaldia egitearren. Ekimena ez  zuten aurrera atera, ordea.

Hala ere, proiektu bat sortuta zegoen dagoeneko. «Amerikarren abestiak hartu eta jotzen genituen Arriaga eta biok, asko euskarara itzulita», azaldu du.  «American balads gaua izan behar zuenak azkenean abesti berrien sorrera ekarri zuen». Izan ere, gustua hartu zion gitarra jotzeari, eta kantuak sortzen hasi zen.

Proiektu propioa eta taldea
Pasa den udan Sunset tabernak itsas pasealekuan antolatzen dituen Jam Session saioetara joaten hasi zen orduan. «Halako ekimenak antolatzea onuragarria da musikarientzat; izan ere, zarauztarrak garen arren, ez dugu elkar ezagutzen. Harremantzen laguntzen dute, eta horrek proiektu berriak sortzen. Hortik gauza politak atera daitezke».

Horren adierazgarri da bihar Euskaldunan taularatuko diren lau musikarien kasua. «Udako arratsalde horietako batean nire abestiak kantatzera ausartu nintzen. Unai Martinez, Ander Zulaika eta Oihan Larrañaga elkartu zitzaizkidan. Pare bat minutuan akordeak azaldu eta elkarrekin jo genuen. Oso soinu polita atera genuen», adierazi du Aranzabalek.

Uda horretan hirurei deitu zien, eta asmoen berri eman. «Elkarrekin jotzea proposatu nien, baina ez nuen Garabirekin egindako akatsa errepikatu nahi». Haren arabera, talde batek, sortzen denean, «iraungitze data» modukoa du: «Taldeak erre egiten dira, gauza batengatik edo beste batengatik. Elkarbizitza sakona da, zaila. Eztabaidak izaten dira, adostasuna behar da». Talde guztiek bizitzen dute halako momenturen bat, Aranzabalen arabera.

Hori dela eta, argi dauka proiektua berea dela, soil-soilik. Horregatik hartu du aparteko izena: Lou Topet. «Hasier Etxeberriari eskatu nion izen artistikoa asmatzeko», dio . Topet Etxahun bertsolariarengatik jarri zion, eta Lou, berriz, izenari ukitu estatubatuarra ematearren.
Lou Topetek, ordea, bakarka jotzeaz gain, taldean ere egiten du lan, The 31st Crew taldearekin. «Ni bezala, Unai Martinezek, Oihan Larrañagak eta Ander Zulaikak ere izen artistikoa hartu dute». Hala, talde formatua duten arren, Aranzabali bakarrik jotzeko aukera ematen dio bereizketa horrek. «Nik abestiak sortzen ditut, askatasun osoz. Haiek ulertu egiten naute, eta ados daude nirekin. Hala ere, argi utzi nahi dute nire burutazioa izaten jarraitzen duela».

Falta zitzaien distira
Lehenbizikoz, Zulaika, Larrañaga eta hiruak elkartu ziren . Gustura jardun zuen Aranbazabalek: «Hasieratik nekien norengana jo nezakeen. Oso musikari onak dira, eta ongi moldatu dira nire asmoetara». Hirurak Garabin ibilitakoak dira, eta horregatik «oso ongi» ulertzen dute elkar; begirada bat «nahikoa» dute.

Sei bat entsegu egin ondoren, Martinezi deitu zioten. «Saio batera etorri zen, eta jotzen hasi orduko Larrañagari, Zulaikari eta niri irribarrea atera zitzaigun. Izan ere, Martinezek falta zitzaigun distira eman zien abestiei. Kalitate handiko musikaria da; hasieratik maitemindu nintzen gitarra jotzeko duen moduaz».

Ordubeteko emanaldia
Kontzertua 16 bat kantuk osatuko dute; batzuk bakarrik joko ditu, besteak taldean. Besteak beste, abesti intimistak joko ditu, berak sortutakoak. «Oso intimista naiz, eta hori akatsa izan daiteke. Nik helarazi nahi dudan mezua batzutan ez baita iristen entzuleengana; abestien bidez zabaltzen ditudan istoriak jendeak agian ez ditu ulertzen, behinik behin, ez nik nahi dudan moduan. Hain da pertsonala nire mezua». Izan ere, proiektu hori ez zen posible izango duela hiru urte jazotako gertakaria gabe: 2009an hil zen Aranzabalen ama. «Orduan hasi nintzen idazten. Nire letrak ezingo nituzke azaldu gertaera hori kontatu gabe».

Abesti propioez gain, bertsioak ere joko dituzte: bi ingelesez eta gainontzekoak euskaratuta. Aranzabalek ere izan du laguntzak letrak idazterakoan. Hautsiak abestia, esaterako, Amaia Iturrioz bertsolariak sortu du. Horrez gain, Jon Benitoren Bulkada liburuko Ama poema musikatu du, eta hark lagundu dio baita ere Wilco taldearen Someday, some morning, sometime kantua euskaratzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide