Laburra baina bizia. Axkarra bezain ona. Zirikatzaile eta zalameroa. Bat-bateko harribitxia. Errepikaezina. Euforia sortzailea… Zalantzarik gabe: kopla, atsegin haugu! Koplarien eta koplazaleen bilgune bihurtuko da aurten ere Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrika. Bihar (ostirala) gauean VI. Kopla Txapelketa jokatuko da, 22:00etatik aurrera, eta, urtero legez, Euskal Herri osoko bertsolariak ariko dira nor baino nor, zintzarri preziatua lortzeko asmoz.
Iazko garaile Beñat Gaztelumendi añorgarrarekin batera, hamar laguneko koadrila igoko da oholtza gainera. Aurten, Urola Kostako bi bertsolari ariko dira lehian; batetik, Jon Maia zumaiarra eta, bestetik, Nahikari Gabilondo zarauztarra. Gainerako zazpi koplariak honako hauek izango dira: Aitor Sarriegi beasaindarra, Patxi Iriart hiriburuarra, Oihane Perea gasteiztarra, Fredi Paia algortarra, Unai Iturriaga durangarra, Maddi Ane Txoperena hendaiarra eta Alazne Untxalo iturendarra.
Aurkezle bat gehiago
Berrikuntzarako gune bezala sortu zen Kopla Txapelketa, eta aurten ere izango ditu zenbait berrikuntza. Hasteko, bi aurkezle izatetik hiru izatera pasatuko da jaialdia. Hori horrela, Imanol Epelde, Amaia Alberdi eta Xabi Aizpurua hirukoak jarriko dizkiete gaia bertsolariei. Bestetik, berriz, txapelketaren uneren batean esaera zahar batekin kantatu beharko dute.
Gainerakoan, azken ediziotako egitura bera izango du, hiru zatitan banatuta. Lehenengoan, agurren ondoren, bertsolariek hiruna saio egin beharko dituzte; librean binaka, ofizioka binaka eta zuzeneko musikaz lagunduta, hain zuzen ere. Oskar Estanga lekunberriarra aritu da musika doinuak koordinatzen, eta honek Eromerian musika taldeko bi trikitilariren eta Jurdana Otxoa biolin-jotzaile oreretarraren laguntzarekin girotuko du saioa.
Bigarren zatira hamarretik sei bertsolari pasako dira. Fase horretan esaera zaharraren proba egin beharko dute binaka, eta beste bat gaia emanda. Hirugarrena final nagusia izango da, eta bi bertsolariren artean jokatuko dute. Hauek hiru ariketa egin beharko dituzte: librean binaka, bakarka objektu bat emanda eta ofizioka, alegia. Urtero bezala, publikoaren esku egongo da txapelketeko zati bakoitzean nortzuk egingo duten aurrera, baita zintzarri oroigarria nori eman ere. Izan ere, sarrera banatzen dituzte bozka emateko paperak hainbat ikusleri.
Aurreko urteetan kopla txapelketako zintzarria irabazi dutenak ondorengoak izan dira: 2007an, Maddalen Arzallus; 2008an, Igor Elorza; 2009an, Julio Soto; 2010ean, Amets Arzallus; eta iaz, Beñat Gaztelumendi. Irabazlea hurrengo ediziora gonbidatzen dute, baina oraingoz ez du inork birritan irabazi.
Ehun sarrera salgai
Duela bi aste jarri zituzten salgai sarrerak, Zarauzko Merkatu Plazan. Aurreko urteetan ez bezala, ez dira berehalakoan bukatu. Hala ere, salmenta ongi joan zen, eta 300 sarreratik gora saldu zituzten. Oraindik, ordea, ehun sarrera pasatxo daude, eta horiek bihar bertan jarriko dituzte salgai, 19:00etan, Putzuzulon bertan. Sarrerak 5 euro balioko ditu, eta pertsona bakoitzak gehienez ere bi erosi ahal izango ditu. Sarrerarik gabe geratzen direnek edo joaterik ez dutenek, Arraio Irratiaren bidez jarraitu ahal izango dute zuzenean: www.arraio.net helbidean edo FMko 99,3 sintonizatuz.
