Memoria pertsonaletik abiatuta memoriaren kontzeptu orokorrera iritsi da Oihanar Leunda artista zarauztarra. Hori izan da bere sormen-lanaren prozesua. Hori izan da Sotoko ipuina izenburupean aurkeztu berri duen erakusketaren abiapuntua eta helmuga. Garoa liburu-dendarako espresuki prestatutako arte-instalazioa da, eta urtarrilaren 16ra arte bisitatu daiteke. «Garai hartan, gai zehatz batekin lanean ez nenbilenez, erakutsi behar nuen lekua bera hartu nuen ardatz. Horrela, zaharberritu aurreko Garoaz gogoratu nintzen, eta Garoaz nituen txikitako oroitzapenez. Ideia horri tiraka, eremua Zarauzko Alde Zaharrerantz zabaldu nuen, nire auzorantz, eta, aldi berean, nire oroitzapenak ere bai», adierazi du sortzaileak.
Azalpen hori erakusketaren lehen zatian islatu du, Bertsioa izenez. Garoa eta bere inguruari buruzko ilustrazio literarioa proposatu du, oroitzapenak idatzita jasoz. «Narrazio grafiko moduan egiteko asmoa nuen hasieran, komiki modura, baina azkenean guztia idatziz egin dut». Idazkian zirriborroak, loturak, azpimarrak eta marrazkiak daude, eta bertan jasotako hitzak, izenak, esaldiak edo kontakizunak Leundaren haurtzaroko memoriak dira.
«Zer eta nola gogoratzen dugun interesatzen zitzaidan», dio artista zarauztarrak. «Azken finean, gure oroitzapenak eraikitako zerbait dira, ez baitago memoria objektiborik. Gainera, nola gogoratu ere norberak aukeratzen du; hau da, benetan zer gertatu zen edo nola zen ez da benetan norberak gordetzen duena. Norbere esku dago nola gogoratu: zer bai eta zer ez. Nolabait esateko, ideia horri lotutako lana izan da».
Harremandutako zatiak
Erakusketaren bigarren zatia lurreko eskultura batek osatzen du, eta hirugarren zatiarekin lotuta doa; ikus-entzunezko proiekzioarekin, alegia. Eskultura argizariz estalitako plastikozko xafla laukizuzen bat da, azpitik argiztatua. Hainbat argizari mota erabiliz, askotariko tonalitateak lortu ditu, orbanak bailiran. «Zati batzuk besteak baino ilunagoak direnez, irakurketa asko egin daitezke; esaterako, memoriaren orbanak izan daitezke. Hasierako asmoa, ordea, geruza handi bat osatzea zen: pareta moduko bat, material organiko batez egina eta argiak erabilita».
Elementu horien erabilera argi zeukan ekoizten hasi zenean, baina teoriatik praktikara gauzak aldatu egin zaizkio, eta, azkenean, horma izan beharrean, zoru bihurtu da artelana. «Garoako sotora jaistea, neurri batean, norbere sotoarekin, iraganarekin edo memoriarekin lotu daiteke. Beraz, ikuslea behera begira jarriko zuen lan bat egin nahi izan nuen».
Halaber, pieza hau hirugarren zatiko proiekzioaren barruan sartzen da, itzalak sortuz. «Bi zatiek harreman zuzena dute», nabarmendu Leundak. Izan ere, bietan argi jokoak proposatu ditu; eskulturan, estatikoa eta ikus-entzunezkoan, bien bitartean, higikorra. «Bideoa bera ere argi bat da ingurune batean. Gainera, ez dakigu non kokatu argi hori; ura izan daiteke, espazioa izan daiteke, baina baita itsasargia ere. Ikus-entzunezko osoa lausoa da, memoriaren lausotasuna islatuz». Kontraste modura, eskulturarekin koloreak beroagoak aurkeztu ditu, eta bideoarekin, aitzitik, hotzak, urdina nagusituz. Proiekzioan, tarteka, arrainak ageri dira batetik bestera, memoria laburraren metafora eginez.
Zentzumen-kutsua
Sotoko ipuina instalazioak hiru arte diziplina uztartzen ditu: marrazkia, eskultura eta bideo-sormena. «Hibrido bat da, eta, egia esan, beste artista batzuren lanak ikusterakoan ere esparru ezberdinak nahasten dituztenak gustatzen zaizkit». Erakusketa osoari, gainera, zentzumen-kutsua eman nahi izan dio. «Ikusteko ez ezik, ukitzeko eta usaintzeko aukera ematen dute lanek. Entzumena bakarrik falta da. Soinurik ez jartzea erabaki nuen; isiltasunarekin errazagoa zela erakusketaren kliman murgiltzea».
Isiltasunak ez ezik, argiztapenak ere errazten du. Aretoko argiak itzali eta instalaziorako jarritako argiek girotzen dute erakusketa. «Halako atmosfera bat proposatzen dut. Ikuslea eskaileretan behera, Garoako sotora iristen doan heinean, erakusketaren argitasun intimoarekin topatuko da. Gisa horretan, bisitariari testuinguruan barneratzen lagundu nahi diot».
Garoakoa zabaldu duen bakarkako lehen erakusketa du Leundak. Lehen aldi guztiek bezala, kezka sortzen dira: «Jende aurrean zure zerbait erakusgai jartzeak errespetua ematen dizu, ez baitakizu nola erantzungo duten edo zer-nolako erreakzioa izango duten». Urduritasunak urduritasun, memoriaren gaiak harrapatu egin du, eta aurrerantzean ere ildo horretatik jarraitu dezakeela adierazi du. «Askorako ematen du; memoria zer den eta nola eraikitzen dugun, eta horrek zer-nolako eragina duen norbererarengan edo nobere identitatean. Asko interesatzen zait, eta ez dut uste erakusketa honetan eragin hori horrenbeste islatzen denik».
