Nahia Zarauzko artisten eta artisauen elkartean Gabonetako apaingarriak egiteko tailerra antolatu du larunbaterako, hilaren 15erako. Herriko haurrei zuzenduta egongo da ekimena, eta haien gurasoek ere hartu ahalko dute parte.
Erabilitako materialekin egingo dituzte apaingarriok, artisten laguntzarekin. «Argazkiekin zuhaitzetako bolak egin daitezke; CDak moztu eta margotuta, serpentinak osatu daitezke; elastiko zaharrekin eta kafe kapsulekin kanpaitxo modukoak sortu…», azaldu du Ander Garnelo artisauak.Besteak beste, herriko eskoletan bildutako artile soberakinak, kafe kapsulak, elastiko zahar gorri edota berdeak, argazki zaharrak, CDak, botila kortxoak, birziklatzeko orriak, koloretako egutegiak eta bestelako erabilitako objektuok baliatuko dituzte horretarako, eta merkatua apainduko dute haiekin. 10:00etatik 14:00etara izango da tailerra, Merkatu Plazako bigarren solairuan. «Espero dugu jende asko animatzea, hala gure merkatua ondo apaindu ahalko dugu», esan du.
Tailerraz gain, beste hainbat ekimen antolatu du Nahiak gabonen bueltarako. Pasa den astean herriko artisten lanen erakusketa izan zen Merkatu Plazan. Abenduaren 21etik 24ra eta urtarrilaren 3tik 5era, berriz, gabonetako azoka antolatuko dute leku berean. «Iaz egun garrantzitsuetan soilik zabaldu genuen azoka, urte berria iritsi baino lehen», gogoratu du artisauak: «Aurten azoka egun gehiagotan zabaltzea erabaki dugu, hala jendeak opariak egiteko denbora izan dezan».