Urtero legez, Zarauzko Udaleko Kultura Sailak Gitarra Jaialdia antolatu du, gaurtik hasi eta igandera bitarterako. Aurtengoa 19. jaialdia izango da, eta hitzaldi batek, bi kontzertuk eta zenbait ikastarok osatuko dute egitaraua. Aurten, gainera, Jose de Azpiazu gitarra jotzaile ospetsuaren omenez egingo dituzte jardunaldiak.
Kontzertuak bihar eta larunbatean izango dira, Modelo zinema artetoan. Bihar Eva Pons gitarra jaialdirako antolatzen duten lehiaketako iazko irabazlea taularatuko da, Enrique Truan gitarra orkestraren babesarekin. 20:30ean hasiko du horrek emanaldia. Sarrera doan izango da, eserleku guztiak bete arte. 200 bat jarleku ditu aretoak.
Hurrengo egunean, Eduardo Baranzano ariko da, Jacaranda eta Emsemble de guitarras taldeekin. Kontzertua 20:00etan hasiko da, eta hau ere doan izango da.
Gitarra jotzen ikasi nahi dutenek izango dute horretarako aukera; izan ere, hastapen mailako eskolak emango dizkiete interesa duenei. Zarauztarrek doan hartu ahalko dute parte ikastaroan. Villa Munda musika etxean egingo dituzte, bakarka edota taldean. Interesa dutenek gaurtik igandera bitartean bertara azaldu beharko dute.
Egitaraua borobiltzeko, El control del miedo escenico hitzaldia emango du Arantxa Zunzarren musikariak, larunbatean. Jardunaldi hori ere Villa Mundan izango da, 12:00etatik aurrera.
