
Jendetza bildu zen iaz Merkatu Plazan, herriko artisauen produktuek osatutako azokan (Argazkia: Ainara Lozano)
Iazko abenduan bezala, aurten ere Zarauzko sortzaileen azoka izango da Gabonen bueltan, Merkatu Plazan. Aurten herriko hainbat artistak eta artisauk Nahia elkartea sortu dute. Horiek dira, hain zuzen, azoka antolatu dutenak, Zarauzko Udaleko Kultura Sailarekin eta beste hainbat elkarterekin batera. Aurrez, ordea, beste bi jardunaldi ere prestatu dituzte, herritarrak urte amaierarako girotzen joateko. Gaurtik igandera bitartean sormenarekin eta artearekin lotutako ekitaldia izango da: Zarauzko artisten erakusketa. Era berean, merkatua apaintzeko tailerra ere egingo dute abenduaren 15ean, leku berean.
Egun horretan artisauek zarauztarrei lagunduko diete erabilitako materialarekin apaingarriak sortzen, gerora aipatu azoka apaintzeko. «Nahiak sortu orduko hartu duen lana eta konpromisoa eskertu nahi dugu Zarauzko Udaletik», nabarmendu du Gari Berasaluze Kultura zinegotziak.
Zarauztarrek euren lanak erakutsiko dituzte gaurtik igandera bitarten, udal merkatuko bigarren solairuko aretoan. Nahia elkarteko kide Ander Garnelok jakinarazi du askotariko diziplinetako artelanak izango direla ikusgai. Guztira, hamabost bat artisten lanek osatuko dute erakusketa, Juan Antonio Mendizabal Kepai-ren burdinezko eskulturak, Alicia de Miguelen eta Marlen Larrayozen argazkiak , besteak beste. Ateak 11:00etan zabalduko dituzte, 14:00ak arte. Arratsaldetan ere bisitatu ahalko da erakusketa, 17:00etatik 20:30era. «Igandean goizez soilik zabalduko dute, eta lehenbiziko egunean, inaugurazio moduan, mokadutxoa eskainiko zaie bertaratzen direnei, eguerdian», dio Garnelok.
Berrerabilpena sustatuz
Haurrak izango dira, berriz, hilaren 15erako antolatu duten tailerreko protagonistak. Garnelok adierazi du euren gurasoek ere parte hartu ahalko dutela, seme-alabei laguntzeko. Erabilitako materialekin egingo dituzte gabonetako apaingarriak. «Argazkiekin zuhaitzetako bolak egin daitezke; CDak moztu eta margotuta, serpentinak osatu daitezke; elastiko zaharrekin eta kafe kapsulekin kanpaitxo modukoak sortu…», azaldu du artisauak.
Artile soberakinak, kafe kapsulak, elastiko zahar gorri edota berdeak, argazki zaharrak, CDak, botila kortxoak, birziklatzeko orriak, koloretako egutegiak eta bestelako erabilitako objektuok biltzeko, kartelak jarriko dituzte herriko ikastetxetan. Herritarrek erabiltzen ez duten materiala bertan utzi ahalko da, abenduaren 10a baino lehen. 10:00etatik 14:00etara izango da tailerra. «Espero dugu jende asko animatzea, hala gure merkatua ondo apaindu ahalko dugu», esan du.
Gabonetako azoka
«Iazkoa bezalakoa» izango da aurten ere Gabonetako Artisautza Azoka: «Zarauzko artisten eta artisauen produktuak izango dira salgai Merkatu Plazako bigarren solairuan. Opariak egiteko eskuz egindako produktuak topatuko dituzte bisitariek bertan». Bertaratzen direnak «goxatzeko», salda eta ardo beroa eskainiko diete antolatzaileek. Musika eta bestelako ekitaldiak ere izango dela nabarmendu du; zehazteke dute oraindik egitaraua.
Bertan postua jarri nahi duten artistek dagoeneko eman dezakete izena, kultura@zarautz.org helbidera mezua idatzita. Hamar euro «sinboliko» ordaindu beharko dira, «postua eskatzen dutenak agertuko direla ziurtatzeko». Astelehena bitartean eman ahalko da izena. Azoka, berriz, abenduaren 21etik 24ra eta urtarrilaren 3tik 5era izango da. «Iaz egun garrantzitsuetan soilik zabaldu genuen azoka, urte berria iritsi baino lehen», gogoratu du artisauak: «Aurten azoka egun gehiagotan zabaltzea erabaki dugu, hala jendeak opariak egiteko denbora izan dezan».