
Idoia Etxeberriak irabazi zuen iazko Xabier Lizardi Saria, 'Ez dago argi' ipuinarekin (Amaia Ventas/Hitza)
Ez du hutsik egiten, eta aurten ere hemen da. Xabier Lizardi Saria ohiko literatur lehiaketa baino gehiago da. Lizardi bera idazle bezala erreferente izan baldin bazen, Zarauzko Udalak bere omenez antolatzen duen haurrentzako ipuin sariketak ere bide bera darama. Asko dira beren hastapenetan sari hau lortu duten idazle ezagunak: zerrenda egiterakoan, beti aipatu ohi dira Bernardo Atxaga, Mariasun Landa, Xabier Mendiguren Elizegi eta hamaika gehiago. Literatur eraskulehio oparoa, zalantzarik gabe. Aurten, 33. aldiz antolatu dute, EBPN Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren baitan, eta bertan parte-hartzeko oinarriak argitara eman dituzte.
Lizardi Sariaren helburu nagusia haurrei eta gazteei zuzenduriko euskarazko literatura sustatzea da. Adin nagusiko edonork aurkeztu dezake bere idazlana, urtarrilaren 8a bitartean, Zarauzko Udala Kultura Sailera bideratuta; hau da, Sanz Enea kultur etxeko helbidera (Nafarroa, 22. 20800 Zarautz).
Bete beharreko baldintzak
Parte-hartzaileek hainbat baldintza bete beharko dituzte ipuina aurkezterakoan. Lanak originalak eta argitaratugabeak izateaz gain, makinaz edo ordenagailuz idatzita egon beharko dute, DIN A4 neurriko orrietan eta lerro tartea bikoitza utzita. Gainera, gutxienez ere, 24.000 kataktere baino gehiagokokanak baino ez dituzte onartuko .
Era berean, egileek bi ale bidali behar dituzte, izengoitiz sinatuta; lehiaketa anonimoa izan dadin, betiere. Aparteko gutun-azal itxi bat erantsiko zaio aurkeztutako lanari, eta horretan egilearen datu jakingarriak adieraziko dira: izengoitia, izen-abizenak, helbidea eta harremanetarako telefonoa. Posta arruntez igorritako lanak ziurtatutako gutunean igorri behar dira.
Jarraian, ipuin onena erabakitzeko prozesua jarriko dute abian. Zarauzko Udalak bere ordezkaria izango du epaimahaian eta idazkaria ere izendatuko du. Udal ordezkari hori izango da epaimahaiburua eta bera arduratuko da gaiak bideratzeaz; lan-teknikoari dagokionez, berriz, epaimahaikide adituek izango dute erabakitzeko ahalmena. Epaimahaikideak honako idazle hauek osatuko dute: Jesus Mari Olaizola Txiliku-k, Miren Agur Meabek, Iñaki Frierak eta iazko irabazle Idoia Etxeberriak; Ez dago argi lanagatik jaso zuen saria idazle oñatiarrak joan den urtean.
Epaimahaikideak otsailean emango du jakitera aurtengo lan irabazlea. Sari bakarra banatuko dute, 3.700 eurokoa, eta guztia irabazlearentzat izango da. Sari ekonomikoaz aparte, lan saritua argitaratu egingo du Udalak, eta urtero bezala, 2.500 ale kaleratuko ditu, herriko ikastetxeetan banatzeko. Bestalde, argitaletxea bere edizio propioa argitaratuko du. Argitalpena sari banaketa eguneanemango dute argitara, datorren urteko apirilean, hain justu ere. Azkenik, hurrengo Lizardi Saria deialdiko epaimahaikide izatea eskatuko dio Udalak egile irabazleari.