Urtero legez, Bikote Mistoen Krosa jokatuko dute hainbat eta hainbat herritarrek igande honetan. Zarauzko Kirol Elkarteko Atletismo Sailak antolatutako proba irekia izango da. Ildo horretatik, 16 urtetik gorako gizonezkoek eta emakumezkoek osatutako bikote orok har dezake parte proban eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengoan denera 642 bikotek eman dute izena ekimenean.
Guztira 7 kilometro eta erdi egin beharko dituzte korrika parte-hartzaileek herrian zehar. Ohi bezala, udal kiroldegitik abiatuko dira lasterkariak 11:30ean, eta Musika Plazan amaituko dute lasterketa. Gehienez ordubeteko denbora izango du bikote bakoitzak helmugara iristeko. Horretaz gain, antolatzaileek jakinarazi dute bikotekideek elkarrekin sartu beharko dutela helmugara. Ez badute hori betetzen, lehiaketatik kanporatu egingo dituzte, eta saririk jaso gabe gera daitezke.
Aurtengo probak izango da berrikuntzarik ere, antolatzaileek ez baitute txipik banatuko; dortsal bakoitzak eramango du txip bat.
Zarauzko Bikote Mistoen Lasterketaren marka Ion Unanue eta Ainhoan Murua zarauztarrek dute, 27 minutu eta 7 segundotan lortu baitzuten ibilbidea osatzea aurreko proba batean.
