Toti Martinez de Lezea: “Kostaldeko emakumeak oso gogorrak izan dira benetan”

Aritz Mutiozabal 2012ko azaroaren 30a

Narratiba historikoaren ildotik, euskal kostaldeko emakumeak hizpide dituen Urak dakarrena ipuin liburua eman du argitara Toti Martinez de Lezeak (Gasteiz, 1949), Ttarttalo argitaletxearekin. Hogeita hamabost istorio bildu ditu, Baionatik Muskizeraino nabigatuz; eta horien artean, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako kontakizuna daude. Euskal kostaldeko emakumeen memoria berreskuratu nahi izan duzu. Historian zehar izan duten garrantzia ahaztu ez dadin? Emakumeen historia ofizialik ez badago ere, hor daude edo hor gaude. Historian zehar, gure kostaldeko emakumeak bakarrik egon dira beti; gizonezko batzuk Ternuara (Kanada) edo bale nahiz bakailo bila joaten ziren itsasora, eta beste batzuk, berriz, guduetan zebiltzan edo Ameriketara joanak ziren. Gizonezkoak kanpoan zebiltzan bitartean, emakumeek bakarrik pasatzen zituzten denbora tarte luzeak. Hori horrela, haiek arduratzen ziren seme-alabez, helduez, etxeko aziendaz eta baratzaz. Eta dirurik ez zutenez, lan ere egin behar izaten zuten; izan ere, senarrek itsasotik ekarritako irabaziek ez zuten asko irauten. Kostaldeko emakumeak oso gogorrak izan dira benetan. Zumaiakoa, esaterako, lehen  emakume armadorea da. Benetako istorioa al da? Ilobarekin itsasontzia erosten duen emakumearen kontakizuna erreala da. Jose Antonio Azpiazuren Mujeres vascas, sumision y poder liburutik jasota dago. Egile hau liburutegi-sagua da, eta dokumentuetatik jasota dagoen gutxia berreskuratu du; besteak beste, epaiketa agirietatik, salerosketa paperetatik eta testamentuetatik lortu du garai hartako [...]

Idazle gasteiztarra (Argazkilaria: Juantxo Egaña)

Narratiba historikoaren ildotik, euskal kostaldeko emakumeak hizpide dituen Urak dakarrena ipuin liburua eman du argitara Toti Martinez de Lezeak (Gasteiz, 1949), Ttarttalo argitaletxearekin. Hogeita hamabost istorio bildu ditu, Baionatik Muskizeraino nabigatuz; eta horien artean, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako kontakizuna daude.

Euskal kostaldeko emakumeen memoria berreskuratu nahi izan duzu. Historian zehar izan duten garrantzia ahaztu ez dadin?
Emakumeen historia ofizialik ez badago ere, hor daude edo hor gaude. Historian zehar, gure kostaldeko emakumeak bakarrik egon dira beti; gizonezko batzuk Ternuara (Kanada) edo bale nahiz bakailo bila joaten ziren itsasora, eta beste batzuk, berriz, guduetan zebiltzan edo Ameriketara joanak ziren. Gizonezkoak kanpoan zebiltzan bitartean, emakumeek bakarrik pasatzen zituzten denbora tarte luzeak. Hori horrela, haiek arduratzen ziren seme-alabez, helduez, etxeko aziendaz eta baratzaz. Eta dirurik ez zutenez, lan ere egin behar izaten zuten; izan ere, senarrek itsasotik ekarritako irabaziek ez zuten asko irauten. Kostaldeko emakumeak oso gogorrak izan dira benetan.

Zumaiakoa, esaterako, lehen  emakume armadorea da. Benetako istorioa al da?
Ilobarekin itsasontzia erosten duen emakumearen kontakizuna erreala da. Jose Antonio Azpiazuren Mujeres vascas, sumision y poder liburutik jasota dago. Egile hau liburutegi-sagua da, eta dokumentuetatik jasota dagoen gutxia berreskuratu du; besteak beste, epaiketa agirietatik, salerosketa paperetatik eta testamentuetatik lortu du garai hartako emakumeen inguruko informazioa. Azpiazuren ikerketa lanari esker, jakin badakigu Zumaiako  Marina eta Katalina existitu zirela.

Eta Zarauzkoa…
Asmatu egin dut, kar-kar!

Baina egia al da narrazioan kontagai duzun izurria herrira iritsi zela?
Bai, iritsi zen. Izurri beltza ez zen kostaldera ailegatu, baina 30 urte geroago izurri bubonikoa izan zen. Ordurako Zarautz familiaren jauregia existitzen zen, baita parrokia ere; jauregiaren kapera zen, nolabait esateko, eta erretorea jauntxoek eurek jarritakoa zen. Torre Luzea eta Makatza dorretxea  eraikita zeuden garai horretarako. Narrazioan kontatzen dudan bezala, egia da herritarrek Aia aldera eta barrualdera aldegin zutela, lehen kasuak agertzen hasi zirenean. Bi sendalariak fikziozkoak dira, eta, gainera, elkarrekin bizi dira.

Erromesen aldera egiten duzu Oriori dagokion istorioan. Arrazoi jakin batengatik, ala besterik gabe?
Ez nuen arrantzale kontuetara mugatu nahi. Donejakue Bidea kostalde guztitik pasatzen da, baina Orion Piedadia izeneko ospitalea egon zenez, hortik heldu nion ipuinari. Gaixoentzat eta herriko jendearentzat ez ezik, erromesentzat ere bazen. Kontua da hamar ohe baino ez zituela, eta horiek erditzear zeuden emakumez edo eskalez beteta baldin bazeuden, erromesek elizako aterpean egin behar izaten zuten lo.  Horrekin batera, San Martin baseliza, eta hari lotuta zegoen fraile etxearen horma ekarri ditut gogora. Izan ere, ikaragarri atsegin dut garai batean nola izan zen gogoratzea.

Getariako emakumeak, esaterako, bere kontserbera sortzen du behin alargundu ondoren.
Arrantzatutakoa eskabetxean gordetzen hasten da. Egia esan, kontserbatzeko metodo hori noizkoa den jakitea ez da erraza, baina agirietan jasota dago marinel musulmandarrek Galiziara eraman zutela. Kantauri itsasoko arrantzaleen artean hartu-eman handia zegoenez, modu horretan iritsiko zen eskabetxearen ezagutza gurera. Gainera, eskabetxetan aritutako emakumeei omenaldi bat egin nahi nien.

Kontakizun horretan Alontso Katrapunakoa aipatzen duzu, bale arrantzale bikain moduan. Gizon hori  existitu al zen?
Ez, baina izen bat behar nuen. Emakumeez ez ezik, gizon arruntez ere ez da arduratzen historia; hau da, arrantzaleez, artisauez, nekazariez eta abarrez. Beraz, izen propiorik ez dago jasota, baina hor herriko txoko bat aipatzen dut, eta horri garaiko izen bat erantsi diot. Istorio horretan, emakumeari buruz ez ezik, bale arrantza nola izaten zen ekarri nahi izan dut gogora. Kasu honetan, Alontso arpoilaria da, eta hauek arpoia eskuetan zutela joaten ziren piztiaren aurka, txalupa gainean, gorputzari eusteko euskarririk gabe.

Iniziatiba eta autonomia handiko emakumeak dira zureak. Neurri handi batean, aitzindariak ere izan ziren negozio kontuetan?
Hala da, bai. Getariako eta Zumaiako emakumeak alargundu egiten dira, eta oinordekotzan jasotzen dituzte senarraren ondasunak. Gainerakoan, emakumeak ez baziren ondasunen jabe edo oinordeko, ezin zuten senarraren diruekin ibili. Senarraren irabaziekin ibili ahal izateko, notarioaren aurrean akta bat sinatu behar zuen gizonak, emazteari bere diruak erabiltzeko baimena ematen ziola ziurtatuz.

Ez zen lan erraza izango garaiko datu horiek ikertzea, ezta?
Konplexua izan da, bai. Narrazioak asmatutakoak badira ere, testuinguru historikoa eta herria bera errealak dira. Beraz, ez da gauza bera Ondarroa XIV. mendean  edo XIX. mendean aurkeztea. Izan ere, pentsakera, arropa, estiloa eta janariak aldatu egiten di­ra. Ezaugarri horiek guztiak ongi islatu behar dira. Fikzioa bada ere, benetako itxura izan dezan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide