Begiraden ugaritasunetik narrazio osatura

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko azaroaren 29a

Zarauzko malekoiko taberna batean eserita, itsasoaren aurrean, liburuari begira baina inguruan gertatzen denaren arrastoa galdu gabe. Hala sortu du Anjel Lertxundik (Orio, 1948) Paper-festa. Minimalia, bere ingurua begiratzetik. «Nire eskuek ez dute sekula haien artean dagoena abandonatzen, baina ez dut liburutik aldian behin begirada jaso, eta nire ingurura erreparatzeko aukera ere galtzen». Eguneroko errealitatearekin lotuta dagoena jaso du, «bere laburtasunean». Baina ipuin motzek osatzen badute ere, badute  osotasuna. Flash narratiboak dira, nolabait harilkatuta eta antolatuta, narrazio bat osatzeraino. Bizitzako pasarteak kontatzeaz gain, literaturaren abenturaz jardun du liburu berrian. Atzo eguerdian aurkeztu zuen oriotarrak liburua, Donostiako Udal Liburutegian. Lertxundiz gain, Juan Kruz Igerabide idazlea eta Iñazio Mujika, Alberdaniako editorea izan ziren bertan. Begiradak eta efektuak Paper-festa. Minimalia ez da paper horien bilketa soila; kontakizun laburrak antolatuta daude. Narrazio oso bat agertzen da liburuan zehar, gaika antolatuta. «Gai bakoitzak bere hari ezkutuen mikronarrazioa kontatzen du», azaldu du Lertxundik. Hain zuen, ugaritasuna eta arintasuna dira haren arabera liburu horren ezaugarri nagusiak. Ugaritasuna, «ez hainbeste gai aldetik», baizik eta tonuei, begiradei edota efektuei dagokionez. «Begirada da idazle batek eskain dezakeen alderdi pertsonalena; zeri begiratzen dion eta hark sortarazi diezaiokena». Begirada ez da aski, ordea, idazlearentzat. Begirada bat bestearen atzean jarri ,eta horrek sortarazten duen [...]

Anjel Lertxundi idazlea, atzo Donostian (Amaia Ventas/Hitza)

Zarauzko malekoiko taberna batean eserita, itsasoaren aurrean, liburuari begira baina inguruan gertatzen denaren arrastoa galdu gabe. Hala sortu du Anjel Lertxundik (Orio, 1948) Paper-festa. Minimalia, bere ingurua begiratzetik. «Nire eskuek ez dute sekula haien artean dagoena abandonatzen, baina ez dut liburutik aldian behin begirada jaso, eta nire ingurura erreparatzeko aukera ere galtzen».

Eguneroko errealitatearekin lotuta dagoena jaso du, «bere laburtasunean». Baina ipuin motzek osatzen badute ere, badute  osotasuna. Flash narratiboak dira, nolabait harilkatuta eta antolatuta, narrazio bat osatzeraino. Bizitzako pasarteak kontatzeaz gain, literaturaren abenturaz jardun du liburu berrian.

Atzo eguerdian aurkeztu zuen oriotarrak liburua, Donostiako Udal Liburutegian. Lertxundiz gain, Juan Kruz Igerabide idazlea eta Iñazio Mujika, Alberdaniako editorea izan ziren bertan.

Begiradak eta efektuak
Paper-festa. Minimalia ez da paper horien bilketa soila; kontakizun laburrak antolatuta daude. Narrazio oso bat agertzen da liburuan zehar, gaika antolatuta. «Gai bakoitzak bere hari ezkutuen mikronarrazioa kontatzen du», azaldu du Lertxundik.

Hain zuen, ugaritasuna eta arintasuna dira haren arabera liburu horren ezaugarri nagusiak. Ugaritasuna, «ez hainbeste gai aldetik», baizik eta tonuei, begiradei edota efektuei dagokionez. «Begirada da idazle batek eskain dezakeen alderdi pertsonalena; zeri begiratzen dion eta hark sortarazi diezaiokena».

Begirada ez da aski, ordea, idazlearentzat. Begirada bat bestearen atzean jarri ,eta horrek sortarazten duen efektuak eta tonu aldaketak ere «zerikusi handia» dute lan berrian.
Argi utzi du kontakizunaren arintasunagatik dela berezia liburua, ez «arinkeriagatik». Ipuinek irakurlearen aurrean biluztu egin behar dutela dio, istoriak eta pertsonaiak «indefinizio batean utzi» behar ditu, plastizitatean, egoeraren mende eta taburik gabe.

«Halako testu laburretan gauzak azkar gertatzen dira, eta nahitaezkoa da testuon arteko forma, irakurlearengana heltzeko», gaineratu du. Hala, lau zatitan banatu du liburua. Lehenbizikoan, Lubakiak, barne-muinetan atalean, historia eta gizartearen inguruko pasadizoak irakur daitezke. «Beti ere literaturgilearen ikuspegitik», Igerabideren esanetan.

Bizitza hizpide zatian, berriz, gizakia munduaren aurrean jarri du idazleak. Giza harremanen inguruan idatzi du, «ikuspegi prismatikotik». Literatura, euskara, idazteaz eta arteaz jardun du Erbinude zuriarena atalean. Azkenenengoan, Heriotza, oinazearen aita zatian, gizakiaren iraungikortasuna, gaixotasunak eta horiek eragiten dituzten oinazeak ditu hizpide.

Ugaritasun horri forma ematea izan da, hain justu, Lertxundirentzat «lan zailena». Baina aldi berean, «gehien bete» duen betebeharra izan da.

Kutsu autobiografikoa
«Errealitatearen gertu-gertuko pasarteak» dira Igerabideren ustez: «Autobiografikoak izan daitezkeen pasarteak, literaturara eramanda».

Harago joan da Mujika: «Badu Eskarmentuaren paperak liburuak zuen kutsu autobiografiko hura, ez Anjelek bere bizitzako pasarteak kontatzen dituelako, bere ibilbide literario, sentimental eta ideologikoa azaleratzen duelako baizik».

Literaturak eta bizitzak bat egiten dute Paper-festak. Minimalia-n Igerabideren iritziz. Haren hitzetan, antologia modukoa egin du, askotariko idazleen hitzak eta pasarteak txertatuz: «Aukeraketa bitxia eta inteligentea egin du Anjelek». Horrez gain, tradizio herrikoia ageri da alde guztietatik, eta baita ironia eta umore puntua ere.

«Irakurri nuenean burura etorri zitzaidan lehenbiziko hitza gozamena izan zen», nabarmendu du idazle adunarrak: «Tristura eta sufrimendua agertzen da liburuan, baina literaturaren plazera etengabekoa da». Lertxundiren beste lanen antzera, «atsegin literarioa» du horrek, eta oriotarraren «ziztada etikoak» presente daude uneoro kontakizunean zehar. Hori dela eta, «alfabeto librearen erlijioa eta ideologia» oinarri duela dio: «Hor daude letrak, egin festa horiekin eta batzuetan negar ere bai».  Ildo horretatik, idazlearen «testurik samurrenak» agertzen dira atzo aurkeztu zuten liburuan: «Paper-festa irakurri ostean, neuronak ez dira dauden zala geratzen».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide