Jabier Muguruza: “Beti jolastu dut isiluneekin; nire musikan oso inportanteak dira”

Aritz Mutiozabal 2012ko azaroaren 28a

Bikote bat eta bikote bat. Jabier Muguruza (Irun, 1960) musikaria Zarauzko Modelo aretoan ariko da etzi, 22:00etatik aurrera, Mikel Azpiroz piano-jotzailea bidaide hartuta, bere azken lana zuzenean aurkezten. Giro intimoa jarriko diote zinema zahar harnasberrituari. Orain arteko zure «apusturik erradikalena» zela adierazi zenuen Bikote bat diskoaren aurkezpenean. Zer du erradikaletik? Aurkezpen bakoitzean zerbait berria esan beharra dago, eta diskurtsoren bat erdi-asmatzen du­zu. Jakina, saiatzen zara errealitatearekin zerikusia duen zerbait adierazten, eta horretan zintzoa izaten. Kasu honetan, biluztasuna eta minimalismoa muturreraino eraman nuela helarazi nahi nuen; ahotsa eta pianoa dira oinarri nagusiak, nahiz eta akordeoia eta Mireia Otzerinjauregiren ahotsa ere tartekatu ditudan. Aurreko bi lanetan Angel Unzuren gitarra, ahotsa eta askoz gehiago ere ez zegoen, baina oraingoan are gehiago biluztu naiz musikalki. Oinarrizko bi elementu bakarrik erabili dituzu: ahotsa eta musika tresna bat. Era berean, isiltasunari ere garrantzia handia eman diozu. Hori da. Apustu horretan ere isiltasunaren presentzia zegoen; beste diskoetan egon dena, baina beharbada areagotua. Beti jolastu dut isiluneekin; nire musikan oso inportanteak direla uste dut. Kazetari batek esan zidan isilunea ez zela musika, eta «honek musikaz  ez daki», pentsatu nuen. Oso elementu garrantzitsua da, eta joera hori oso nabaria da diskoan bertan, baita zuzeneko emanaldietan ere. Joko hori proposatzen dut: [...]

Jabier Muguruza

Bikote bat eta bikote bat. Jabier Muguruza (Irun, 1960) musikaria Zarauzko Modelo aretoan ariko da etzi, 22:00etatik aurrera, Mikel Azpiroz piano-jotzailea bidaide hartuta, bere azken lana zuzenean aurkezten. Giro intimoa jarriko diote zinema zahar harnasberrituari.

Orain arteko zure «apusturik erradikalena» zela adierazi zenuen Bikote bat diskoaren aurkezpenean. Zer du erradikaletik?
Aurkezpen bakoitzean zerbait berria esan beharra dago, eta diskurtsoren bat erdi-asmatzen du­zu. Jakina, saiatzen zara errealitatearekin zerikusia duen zerbait adierazten, eta horretan zintzoa izaten. Kasu honetan, biluztasuna eta minimalismoa muturreraino eraman nuela helarazi nahi nuen; ahotsa eta pianoa dira oinarri nagusiak, nahiz eta akordeoia eta Mireia Otzerinjauregiren ahotsa ere tartekatu ditudan. Aurreko bi lanetan Angel Unzuren gitarra, ahotsa eta askoz gehiago ere ez zegoen, baina oraingoan are gehiago biluztu naiz musikalki.

Oinarrizko bi elementu bakarrik erabili dituzu: ahotsa eta musika tresna bat. Era berean, isiltasunari ere garrantzia handia eman diozu.
Hori da. Apustu horretan ere isiltasunaren presentzia zegoen; beste diskoetan egon dena, baina beharbada areagotua. Beti jolastu dut isiluneekin; nire musikan oso inportanteak direla uste dut. Kazetari batek esan zidan isilunea ez zela musika, eta «honek musikaz  ez daki», pentsatu nuen. Oso elementu garrantzitsua da, eta joera hori oso nabaria da diskoan bertan, baita zuzeneko emanaldietan ere. Joko hori proposatzen dut: notak, hitzak, isiluneak… Hori lantzen saiatu naiz.
Diskoa duela urtebete kaleratu zenuen, eta, harrezkero, hainbat tokitan aurkeztu duzu. Proposaturiko joko hori indartzen joan al da kontzertuz kontzertu?
Mikel Azpiroz piano-jotzailea eta biok joaten gara emanaldietara. Agian, gure arteko konplizitatea izan da indartu dena ibilbide honetan. Aspaldiko kolaboratzaileak gara; Fiordoan eta Hain guapa zaude diskoetan jada Mikel aritzen zen pianoarekin. Oraingo honetan, ordea, konplizitatea handiagoa dela esango nu­ke. Bikote bat aurkezten 30 saiotik gora eskaini ditugu, esaterako. Angel Unzuren ustez, diskoa grabatu aurretik zuzenekoetan gorpuztu beharko litzateke. Asko irabazten dela alde horretatik; erritmo aldetik oso interesgarria den zerbait lortzen du­zula musikalki.

Ostiraleko emanaldian guztiz gorpuztuta dagoen saioa eskainiko duzue, beraz?
Bai, hori da. Pasa den asteburuan hori komentatzen aritu ginen Mikel eta biok, Markinatik etxera bidean. Bion artean bada berez sortzen den zerbait, eta oso gustura gaude emaitzarekin.

Orduan, ezin hobeto aukeratu zenuten Bikote bat izenburua hamaikagarren disko honentzat.
Ez genuen nahita aukeratu. Bikote bat izenburua Harkaitz Canoren testuari lotuta dago, eta, gerora, broma hori egin izan digute, baina ez da nahita bilatu dugun zerbait izan.

Zarautzen ere bikote formatuan ariko zarete. Kolaboraziorik aurreikusten al duzu emanaldian?
Printzipioz ez da ezustekorik izango. Jakin badakit Jose Luis Padron poeta joatekoa dela, eta, agian, poemaren bat irakurtzeko eskatuko diot. Normalean, Mikel eta biok igotzen gara taula gainera, eta batzuetan, broma modura, zera esaten dut: «Jackson Brownek ere parte hartu zuen diskoan, baina normalean ez da etortzen Euskal Herrira». Padronek, adibidez, letragile gisa kolaboratu du nirekin, eta komentatuko diot zerbait egin dezakegun.

Geldialdi baten ostean, azaroan itzuli zara oholtza gainera. Lehenengo emanaldiak Chicagon eta New Yorken eskaini dituzu, gainera.  Indarberrituta bueltatu al zara ozeanoaren bestaldetik?
Egia esan, esperientzia gazi-gozoa izan da. Hain justu ere, Sandy urakanak bete-betean harrapatu gintuen New Yorken geundela, eta oztopo eta arazo askorekin ibili ginen. Ondoren, etxera itzultzerakoan balorazio positiboa egiten duzu; azken finean, Chicagon gauzak ongi atera ziren. Bestalde, apirilean Polonian izan ginen, eta hangoa ere esperientzia oso ona izan zen. Urrutiko lurralde horietan euskaraz abestea eta hango  jendearen erreakzioa ikustea itzela da. Gure hitzak nola entzuten dituzten jakitea, eta, oro har, solaskide horiek izatea gauza ederra da musikariarentzat.

Aldea al dago nazioartean edo Espainiako hiriburuetan jotzetik Euskal Herriko herri txiki batean –Zarautz bezalako herri batean– jotzera?
Kasu horretan, bereizketa bat egin beharko nuke. Herrialde Katalanetan asko ibiltzen naiz, eta bertan badut zirkuitu nahiz publiko bat. Normalean, harrera beroa izaten dut han. Bestalde, Madril inguruan ere ibiltzen naiz, eta han zail samarragoa izaten da. Aurretiko jarrerak asko markatzen du, batez ere, beste hizkuntza batera hurbiltzeko orduan. Beraz, ez da gauza bera Euskal Herrian jotzea edo kanpoan jotzea. Euskal Herritik kanpo abestiak azaltzen saiatzen naiz, gutxieneko hurbilketa egiten eta errazten. Zarautzen edo lehengoan Markina, aitzitik, lan hori ez dut hartzen. Aipamen bat edo beste egiten dut, gustuko dudalako, baina etxean itzulpenik ez dut egiten.

Zarauzko saioa Bikote bat diskoaren aurkezpen birako azkenetarikoa dela jartzen du zure webgunean. Aurki beste proiektu batean murgilduko zarela esan nahi al du horrek?
Hasia naiz hurrengo diskoari begira gauza berriak sortzen. Oraingoz, abesti bakarra daukat egina, eta bigarrenarekin ari naiz hemen pianoarekin lan eta lan. Disko berrira begira jarri naiz, bai, baina ez dut uste kontzertu gehiagorik aterako direnik jada. Nire kasuan, diskoa atera eta lehen urtean askoz emanaldi gehiago ateratzen dira, bigarrenean baino. Edonola ere, Andoainen eta Tolosan adostu ditugu, eta ttanttaka-ttanttaka bat edo beste aterako da. Atea ez dut erabat ixten, baina erritmoa jaitsi egiten da.

Beraz, buru-belarri jarri zara zure hamabigarren diskoan. Lan berriak Bikote bat-en ildo musikala jarraituko al du? Biluztasun horren baitan gorpuztuko al duzu?
Agian, zertxobait jantziagoa izango da kolore aldetik. Jose Luis Zumeta lagunak dio koloreak emozioak direla pinturan. Hori musikara eramanez, beste kolore ba­tzuk azalduko dira intsrumentazioari dagokionez. Hala ere, oraingo bidetik jarraitu nahi dut. Oso gustura sentitzen naiz giro intimista horretan, eguneroko gure gauza ustez txikiei buruz. Arlo horretan gustura nagoenez, ez dut instrumentazio askorik behar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide