
Ezkerretik eskuinera, Getariako eta Zarauzko alkateak, Nika Lertxundi eta Juan Luis Illarramendi, Zarauzko Ingurumen zinegotzi Alizia Osa, Amaia Guruzeta UKUEko lehendakaria eta Beñat Solabarrieta Orioko alkatea, planaren aurkezpenean (Amaia Ventas/Hitza)
Etxean eta auzoan konposta egiteko plana abiatu dute Urola Kostako Udal Elkarteak eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako Udalek. Helburua onpostagailua jartzeko aukera duten ahalik eta etxebizitza gehienetan gailua erabiltzen sustatzea da. Hondakinak nahastuta jasotzekoan, «arazo handiena»· organikoak sortzen du. «Horregatik ahaleginak egin behar ditugu organiko hori tratatzeko», nabarmendu du UKUEko lehendakari Amaia Guruzetak: «Hondakin horiek sortzen ditugun lekuan bertan tratatzen baditugu, abantaila ugari izango dugu». Izan ere, konposta bihurtu eta berrerabili egingo dira, hondakinak jaso, garraiatu eta tratatzeko lan eta kostuak nabarmen murriztuz.
Hori sustatze aldera, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak etxean konposta egiteko ekimena abiatu zuen 2005. urtean.Ordutik, Urola Kostako 400 familiak jarri dute konpostagailua beren lorategi edota baratzean. Herritarren harrera ona ikusita, udal elkarteak eta kostaldeko Udalek etxean eta auzoan konposta egiteko plan hori indartu eta areagotzea erabaki dute, eta horretarako plangintza prestatu. Plan hori garatu ahal izateko, Foru Aldundiaren diru laguntza jaso dute, eta hala, UKUEk lehiaketa bidez Spora ingurumen zerbitzuak kontratatu du plana garatzeko.
Udal elkarteak azterketa egin du, eta horren arabera, eskualdean konpostagailua jartzeko baldintzak betetzen dituen 1.500 familia daudela ondorioztatu du; horretarako lorategia edota baratza izatea ezinbestekoa da.
Hainbat pauso
Guruzetak azaldu du planak hainbat pauso duela. Batetik dagoeneko ekimenean parte hartzen ari diren 400 familiei laguntza eskaini eta jarraipena egingo zaie. Familiak bisitatuko dira, konposta egiteko unean dituzten zalantzak argitu eta laguntza eskaintzeko. Bisita horietan, gainera, datuak jasoko dira, tratatzen den hondakin kopurua eta izaera zehazteko.Bestetik, familia «berriei» planaren inguruko informazioa helaraziko diete. Eskualdeko eraikin eta etxeen tipologiaren inguruko azterketa zehatza egingo dute horretarako: «Azterketa horrekin Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian, konposta egiteko etxeen potentzialtasuna finkatzea izango da. Horren arabera antolatuko dugu familia berriei bideratu beharreko eskaintza».
Horrez gain, udalerri bakoitzean auzo konpostagailu bana jarriko da, lorategi edota baratzerik ez dutenek erabiltzeko. Konpostagailu hori erabili nahi dutenek ikastaro labur bat jaso beharko dute aurrez.
Beste ekimen baten berri emateko aprobetxatu du Guruzetak aurkezpena. Jakinarazi duenez, Zarauzko Konpostari Elkarteak azaroa eta urtarrila bitartean eskualdeko udalerri bakoitzean auzo konpostagailu bana jartzeko lanean ari da. Informazio gehiago bildu daiteke www.urolakosta.org webgunean.