«Urteetako ametsa egi bihurtzeko asmoz», Zarautz Arraun Elkarteak jubenil senior neska taldea osatu du, eta entrenatzen hasi da, 2013ko traineruan lehiatzeko. Dagoeneko bederatzi neska elkartu dira, eta «ikaste prozesuan daudenez», astean hiru egunetan egiten dute arraun. Jexux Garmendiak entrenatzen ditu, hainbat urtez lan horretaz arduratu denak, eta Hodei Atxega du laguntzaile.
Taldea trainerua osatzeko «oraindik motz geratzen denez», ordea, beste arraun elkarteekin harremanetan jarri da ZAE, hitzarmenen bat lortze aldera. «Dena den, kanpora baino, herrira begira osatu nahiko genuke taldea», diote elkartetik. Hori dela eta, 17 urtetik gorako neska zarauztarrak arraunean hastera animatu dituzte: «Arraun elkartean badakigu arraunean egin nahiko luketen zarauztarrak badirela, batzuk inoiz ibili gabeak eta beste batzuk noizbait ibilitakoak». Interesa dutenek 636-562590 telefono zenbakira dei dezakete edota zae001@gmail.com helbidera mezua igorri.
Zumaiako Arraun Elkarteko emakume senior taldea astelehenean hasi zen entrenatzen, Kike Manterolaren gidaritzapean.
Maila guztietako arraunlariak
Maila guztietako arraunlariak daude ZAEn, haur txikietatik hasi eta beteranoetaraino. Infantil mailako taldea, esaterako, 17 mutilek osatzen dute, eta Ibon Aldabaldetrekuren gidaritzapean entrenatzen dute, astean hiru egunetan. Lau infantil kadete dabiltza nesken mailan, eta horiek mutilekin entrenatzen dute oraingoz, Koldo Garciaren ardurapean. «Maila hau izango da nesken traineruak etorkizuna izan dezan beste giltzarria eta beste bizpahiru falta zaizkigu batela urtean lehiatzeko», azaldu dute.
Kadete mutiletan zortzi arraunlari dabiltza, eta Anjel Odriozola da horien entrenatzailea. Jubenil mailako zazpi arraunlariak, berriz, Aitor Jauregik entrenatzen ditu. «Maila horretan ere beste pare bat arraunlari gustura hartuko genituzke», diote. Senior mailan, «poliki-poliki» ari da taldea osatzen; dagoeneko 20 kide ditu. Zortzi lagunek osatzen dute beteranoen taldetxoa, eta Anselmo Berasaluzek entrenatzen du. Gaztetxoagoak, egon ere badaude. Ibon Etxaberekin elkartzen dira astean bitan.
