Etorkinen inguruko zurrumurruei aurre egiteko tailerrak antolatu dituzte

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko azaroaren 13a

Etorkinen inguruan herrian «bolo-bolo» zabaltzen diren zurrumurruei aurre egiteko egitasmoa abiaraziko du Zarauzko Udalak, SOS Arrazakeria elkartearekin batera. «Zurrumurruak bizikidetzaren etsaiak dira, oso erraz hedatzen dira, eta bestea nola ikusten dugun baldintzatzen dute. Aurreiritziek iritziak ordezkatzen dituzte; ez du pertsona banako gisa hartzen, talde bateko partaide baizik. Horren arabera epaitzen dugu, pertsona bakoitzak aparteko izaki gisa duen portaera eta izateko modua erakusteko aukerarik eman gabe», nabarmendu du Immigrazio zinegotzi Ane Eizmendik. «Gu bezalakoa ez dena, kanpotik iritsi dena eta beste itxura, sinesmen edota bestelako erreferente kulturalak dituena, bestea, finean, ahulena da gizartean. Horei gure gizarteko gaitzen errua botatzen diogu, are gehiago pairatzen ari garen krisi garaian». Horri aurre egitea erabaki du udalak, Zurrumurruen aurkako sarea ekimenarekin. Proiektua ez da berria, ordea; Xarxa Antirumours elkartea oso errotuta dago Katalunian duela urte batzutatik, eta Euskal Herrian bertan,  Errenterian martxan dago dagoeneko, eta Donostian ere abiatzea adostu dute duela gutxi. Ekimena berritzailea ez bada ere, funtzionamendua orain artekoen bestelakoa izango da. «Orain arte jarrera arrazisten aurka antolatu ditugun jardunaldiak herritar orori zuzenduta egon dira. Honakoarekin herri osoan eragin nahi dugu, baina beste modu batera», dio Eizmendik. Jakinarazi duenez, eragile batzuk prestatuko dituzte, «entzuten diren zurrumurruen aurkako diskurtsoa herritarren artean zabaltzeko». Horretarako tailer formatiboak [...]

Zarauzko Immigrazio teknikari Julen Aranguren, SOS Arrazakeriako Mikel Mazkiaran, Immigrazio zinegotzi Ane Eizmendi eta Auzoko programako dinamizatzaile Unai Galdona, Zurrumurruen aurkako sarea-ren aurkezpenean (Amaia Ventas/Hitza)

Etorkinen inguruan herrian «bolo-bolo» zabaltzen diren zurrumurruei aurre egiteko egitasmoa abiaraziko du Zarauzko Udalak, SOS Arrazakeria elkartearekin batera. «Zurrumurruak bizikidetzaren etsaiak dira, oso erraz hedatzen dira, eta bestea nola ikusten dugun baldintzatzen dute. Aurreiritziek iritziak ordezkatzen dituzte; ez du pertsona banako gisa hartzen, talde bateko partaide baizik. Horren arabera epaitzen dugu, pertsona bakoitzak aparteko izaki gisa duen portaera eta izateko modua erakusteko aukerarik eman gabe», nabarmendu du Immigrazio zinegotzi Ane Eizmendik. «Gu bezalakoa ez dena, kanpotik iritsi dena eta beste itxura, sinesmen edota bestelako erreferente kulturalak dituena, bestea, finean, ahulena da gizartean. Horei gure gizarteko gaitzen errua botatzen diogu, are gehiago pairatzen ari garen krisi garaian».

Horri aurre egitea erabaki du udalak, Zurrumurruen aurkako sarea ekimenarekin. Proiektua ez da berria, ordea; Xarxa Antirumours elkartea oso errotuta dago Katalunian duela urte batzutatik, eta Euskal Herrian bertan,  Errenterian martxan dago dagoeneko, eta Donostian ere abiatzea adostu dute duela gutxi. Ekimena berritzailea ez bada ere, funtzionamendua orain artekoen bestelakoa izango da. «Orain arte jarrera arrazisten aurka antolatu ditugun jardunaldiak herritar orori zuzenduta egon dira. Honakoarekin herri osoan eragin nahi dugu, baina beste modu batera», dio Eizmendik. Jakinarazi duenez, eragile batzuk prestatuko dituzte, «entzuten diren zurrumurruen aurkako diskurtsoa herritarren artean zabaltzeko».

Horretarako tailer formatiboak antolatuko dituzte; lau bat aurreikusi dituzte. «Alde batetik, egun gizartean barneratuta dauden zurrumurruak zeintzuk diren aztertuko dira saio horietan, eta bestetik, horien aurka lan egiteko tresnak eta baliabideak emango zaizkie eragileei», azaldu du SOS Arrazakeriako Mikel Mazkiaranek. «Ez da nahikoa datuak jakitea, trebetasun sozialak ere garatu behar dira aurreiritziak dituzten pertsonak konbentzitzeko». Hain zuzen, Bartzelonako Xarxa Antirumours elkarteko kide Rafa Crespo arduratuko da eragileen komunikazio gaitasuna trebatzeaz. Hura izango da aurreikusitako lau tailerretatik lehenbizikoa zuzenduko duena. Abenduaren 11n edo 12an izango da hori—zehazteko dute oraindik—.

Bigarren saio batean SOS Arrazakeriako kide batek egun herrian finkatuta dauden zurrumurruak zeintzuk diren azalduko du, datuekin, eta horiei nola buelta eman jakinarazi. Aurreiritziak zergatik zabaltzen diren, zein funtzio sozial daukaten eta zein den haien mekaniskoa zehaztuko dute beste saio batean, Zarauzko Immigrazio teknikari Julen Arangurenen arabera.

Gaur egun halako tailerrak antolatzea beharrezkoa da Mazkiaranen ustez: «Egun geroz eta gehiago zabaltzen ari dira immigrazioaren aurkako aurreiritziak. Beste argazki bat erakustea beharrezkoa da, beraz». «Gure ustez, zurrumurru horiei aurre egiteko diskurtso teoriko jakin bat zabaldu beharra dago, gizartean uste oker hori oso errotuta dagoelako», gaineratu du Zarauzko Auzoko programako dinamizatzaile Unai Galdonak. Teoriaz gain, elkarguneak sortzea beharrezkotzat jo ditu zarauztarrak, «aurreiritziak pertsonak ezagutzen eta bizikidetzaren bitartez aldentzen direlako». Hain justu, hortaz arduratzen da Auzoko programa: etorkinak eta herritarrak elkartu eta esperientziak elkartrukatzen dituzte, uste okerrak sahiestearren.

Programa prebentiboa
Programa hori prebentiboa izango dela aurreratu du Arangurenek. Bizikidetza baketsua sustatu, herritarrak sentsibilizatu eta jarrera arrazistak gehiago ez zabaltzea du helburu. «Arrazoietara, erroetara joko dugu. Kanpotik etorritakoarekiko ezinikusia zerk eragiten duen ikusi eta horri aurrea hartzen saiatuko gara». Horretarako eragileak hezituko dituzte. Ildo horretatik, herritarrak animatu dituzte programan parte hartzera. Interesa dutenek Immigrazio sailarekin jarri beharko du harremanetan, 943-005197 telefonora deituta.

Zarautzen zabaldu diren zurrumurru nagusiak zeintzuk diren argitze aldera, pasa den hilabetean galdeketa bat egin zuten udaletik politikari, eragile, elkarte, komunikabide eta bestelako taldeei. Lau nabarmendu dituzte: Etorkinak gizarte laguntzei esker bizi dira, eta neurrigabe baliatzen dituzte, Etorkinek lana kentzen digute, azken hamarkadako immigrazioaren ondorioz matxismo eta genero indarkeria areagotu egin da eta kaleko segurtasun falta handitu da.

Aldameneko familia’, etorkinak ezagutzeko beste modu bat
SOS Arrazakeria elkarteko Mikel Mazkiaranek ekimen berritzaile baten berri eman du: Aldameneko familia. Horren helburua etorkin eta herritarren familiak elkartzea da, elkarrekin bazkaldu eta elkar ezagutzeko. Gipuzkoan 60 topaketa egin dituzte dagoeneko; 120 familia elkartu dira. Zarautzen lau familik eman dute izena ekimenean parte hartzeko, eta igandean, azaroaren 18an, egingo dute lehenbizikoa. Interesa dutenek SOS Arrazakeriarekin edota Zarauzko Immigrazio sailarekin jarri beharko du harremanetan.

Bestalde, SOS Arrazakeriak azaroaren 25ean Donostiako Kursaal Jauregian egingo duten Gipuzkoa mailako ekitaldira parte hartzera deitu ditu zarauztarrak: «Ekitaldi polita izango da, dibertigarria».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide