
Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkatea (ezkerrean) eta Herrilan zinegotzi Mikel Goenaga, atzo (Amaia Ventas/Hitza)
«Gure gizartea pairatzen ari den krisiari eta herritarren ahaleginari esker lortutako hiri hondakin solidoak gutxitu egin dira. Horri erreparatuz, udalak hondakinen bilketa zerbitzuan aldaketak egingo ditu», iragarri du Herrilan zinegotzi Mikel Goenagak. «Birziklatze tasek gora egitea lortu dugu, neurri txikian bada ere, eta hori aprobetxatuz bilketa gastuak murriztea posible dela uste dugu». Ildo horretatik, hainbat proposamen aztertu ostean, astean behin errefusarik ez biltzea erabaki du (edukiontzi berde ilunean botatzen dena). «Hartara, gastuak murriztuko dira, eta aldi berean, zerbitzu publiko egokia eskainiko da», nabarmendu du. Modu horretan, udalak beste pauso bat eman nahi du, Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkatearen arabera: «Azken finean, edukiontzi berdeetara botatzen den hondakinaren kopurua jaisten ari da. Horrek gastuak gutxitzeaz gain, birziklatzeari dagokionez beste pauso bat emateko aukera ematen digu».
Hala, azaroaren 14ean, 21ean eta 28ean, datozen hiru asteazkenetan, ez da hiri hondakin
solidorik bilduko. Hori dela eta, egun horien bezperan halako hondakinik ez ateratzeko —gainontzeko hondakinak bilduko dituzte— eskatu die herritarrei, kamioirik ez baita pasatuko biltzera. Proba moduan egingo dute, hasieran. «Emaitza ona bada, betiko onartuko da aldaketa hori».
Bestalde, gogoratu dute errefusa 19:00etatik 22:00etara utzi behar dela edukiontzi berde ilunean. «Ordutegi hori betetzeko ahalegina egin dezaten eskatzen diegu zarauztarrei».
Tasa pixkanaka jaisten
Goenagak jakinarazi du hiri hondakin solidoen tasa gutxitzen joan dela pixkana-pixkana. «Azaroa aurretik, %1,75-%2 jaitsi zen edukiontzi berdera botatako zabor kopurua». Hondakin organikoaren bilketaren inguruko ikastaroak eskaini ostean, joera hori areagotu egin zen: %10-11 jaitsi zen errefusaren tasa. Martxoa eta ekaineko ikastaroen ostean, berriz, %15 eta %20 jaitsi zen, hurrenez hurren.
Egun herriko familien %80ek erabiltzen dute edukiontzi marroia, eta horrek errefusaren tasa murriztea dakar. «Guztiok dugu gai honetan ardura, eta udalak eman behar du lehenbiziko pausoa, herritarren laguntzarekin», dio alkateak.