Udal Gobernuak herriko autobus zerbitzua egokituko du. «Bere garaian asmatu zuten autobus zerbitzua jartzearekin, baina hobetu beharra dago», azaldu du Herrilan zinegotzi Mikel Goenagak. «Autoaren erabilera murriztea da helburua, eta horretarako beharrezkoa da zerbitzu ona eskaintzea».
Ildo horretatik, azterketa sakona egin dute. «Egun bi autobus linea ditugu: lehenbizikoak erabilera onargarria du; besteak, ordea, ez». Azken bost urtean 763.949 lagunek erabili dute lehenbizikoa, eta 134.950 bigarrengoa. «Lineen artean desoreka handia dago». Zerbitzu hobeagoa eskaintze aldera, ordutegia zabaltzeko asmoa du Udal Gobernuak, baita ibilbideak aldatzekoa ere. Prezioa, aldiz, mantendu egingo ditu. Hala, txartel batek 60 zentimo kostako du.
Hainbat irizpide izan du kontuan Udal Gobernuak aldaketok egitekoan. Eskoletako ordutegiak,bestelako garraiobideekin osagarritasuna, genero ikuspegia eta erabiltzaile kopurua, besteak beste.

Herrilan zinegotzi Mikel Goenaga eta Eizagirre autobusak enpresako Jose Julian Eizagirre, atzo zerbitzu berriaren aurkezpenean (Argazkia: Oier Aranzabal)
Maiztasun handiagoa
Ordutegiari dagokionez, aurrerantzean eguerdian ere —orain arte eten egiten zen—lan egingo du autobusak, goizean lehenxeago hasiko da eta gauean beranduago amaitu. Hala, 07:30etik 21:36ra izango da martxan lehenbiziko linea astelehenetik larunbatera, eta 07:15etik 21:21era bitartean bigarrengoa. Igandetan, berriz, linea bakarra egongo da, 10:00etatik 21:36era. Orain arte, 21:00etan amaitzen zen bi autobus zerbitzuak astelehenetik ostiralera, eta larunbatetan 08:30ean hasi. Igandetan, berriz, beranduago hasten zen lanean, 10:00etan.
Ibilbideei dagokienez, biek ala biek antzeko bidea egingo dute, baina kontrako norantzan. Hala, Vista Alegre eta Itxasmendi auzoetatik sarriago igaroko da autobusa, 15 minuturo—orain arte orduerdiro pasatzen zen—, eta beste auzoetarako maiztasuna ere hobetu egingo da. Lehenbiziko lineak honako ibilbidea egingo du: Bizkaia kalea-Vista Alegre-Bixkonde-Gipuzkoa-Salbatore Mitxelena–Maria Etxetxiki-Itxasmendi-Araba-Azken Portu Goia-Osasun Zentroa-Bizkaia kalea. Bigarren autobusak, berriz, La Perlan hasiko du bidea, eta Vista Alegre-Bizkaia-Osasun Zentroa-Bizkaia-Urdaneta-Araba-Itxasmendi-Maria Etxetxiki-Gipuzkoa-Zinkunegi eta Nafarroa artean mugituko da.
Berrikuntza gisa, eskaerapeko sistema jarriko dute autobusetan. «Autobusek ibilbide finkoa izango badute ere, eskaera eginez gero, beste geltokietara hurbilduko dira», zehaztu du Goenagak. Hiruerreketa, Asti eta Talaimendi bezalako auzo urrunagoetan, geltokian, botoi bat egongo da. Hura sakatuz gero, gidariak bertaratu egin behar duela jakingo du. «Modu horretan, aurreztu egingo dugu. Eskatzen ez bada, ez da leku horietatik igaroko autobusa».
Horrez gain, aurrera begira, beste autobus bat gehitzea aurreikusi dute, handiagoa.
Azaroaren 12tik aurrera izango da erabilgarri autobus zerbitzu berria. Hilaren 30a arte proba moduan egongo da, ordea. Epealdi horretan herritarrek diseinu berriaren inguruko iritzia eman ahalko dute, eta ekarpenak egin. Etxezabalako erregistroan utzi ahalko da idatzia, gidariari ema n edota herrilanak@zarautz.org helbidera bidali. Datozen egunetan idatziak banatuko dituzte etxez etxe, autobus zerbitzuaren aldaketen berri emateko.
2013rako aldaketa gehiago
Mugikortasun jasangarriari bultzada emateko lanean dihardu Udal Gobernua legegintzaldi hasieratik. Hainbat pauso eman du urtebetean: bizikletentzat bide seguruak bermatu ditu, bidegorriaren proiektua lantzen ari da eta udako aparkalekua martxan jarri du, besteak beste. Azken ekimen horren balorazio positiboa egin du Herrilan zinegotzi Mikel Goenagak. Hala ere, «egonkortzeko bere denbora» behar du: «Ezin da kritikatu lehenbiziko uda pasa ostean; ohitura aldaketak ez dira bat-batean ematen». Kritikatu beharrean, bultzatu egin behar dela nabarmendu du. Eta aldaketa horretan, TAO sistema eraldatzeak lagunduko duela gaineratu du: «Horretan ari gara lanean. 2013rako aldaketak izango dira».
Oinezkoentzat gune berriak sortu ere ditu. Horri lotuta, Mollarri kalea peatonalizatuko dutela iragarri du Herrilan zinegotziak, beranduenez datorren urte hasierarako. Era berean, Alde Zaharrean ere izango da halakorik: Zigordia kaletik Ipar kalerainoko gunea ere oinezkoentzako jarriko dute .
