Etxebizitza hutsen jabeei %100eko gainordaina kobratuko die Zarauzko Udalak

Zarauzko Hitza 2012ko azaroaren 2a

«Etxebizitza izatea eskubide bat da, lehen mailako beharra. Bigarren etxebizitza bat edukitzea, berriz, luxua», dio Ogasun zinegotzi Iñaki Eizagirrek (Bildu). «Luxua» den neurrian, etxe horiegatik gehiago ordaintzea proposatu zuen udal gobernuak herenegungo udalbatzarrean. Hala, etxe hutsei Ondasun Higiezinen Zerga bikoiztea erabaki zuten, gehiengoz. Ildo horretatik, %100eko igoera izango du, 2013ko ordenantza fiskalak behin betikoz onartzen badituzte. Erabaki horren helburua erabilpenik ez duten etxe hutsak merkatura ateratzea da, alokairua sustatuz. Bi kasu proposatu ditu salbuespen gisa: batetik, etxe hori jarduera ekonomiko jakin baterako baliatzen bada (hortz klinika edota halakoetarako) eta bestea, urtarrilaren 1ean hutsa egonda ere hurrengo hilabeteetan alokatzen bada. Hamar hilabetetik gora etxe hori alokairuan uzten bada, nahiz eta urteko lehen egunean hutsa egon, ez da zergaren errekargua kobratuko. Era berean, eraikuntza-enpresa eta sustatzaileei ezartzen zaien tasa ere aldatuko da. «Lehen halakoei %50eko hobaria eskaintzen zitzaien. Aurrerantzean, merkatura atera gabeko etxeei%100eko gainordaina aplikatuko zaie, laukoitza ordaindu beharko dute enpresok», azaldu du. «Etxe hutsak erabiltzea da horren xedea». EAJko Imanol Lasa ez zen ados agertu proposamenarekin. «Etxe hutsak merkatura ateratzearen alde gaude, baina parametroak ongi finkatu behar dira. Zergatik zigortu udan, Eguberrietan edota Aste Santuan egun batzuk herrira igarotzera datozenei?Kanpotarrei isuna jarri nahi zaie, eta ez gatoz horrekin bat». Hori dela [...]

«Etxebizitza izatea eskubide bat da, lehen mailako beharra. Bigarren etxebizitza bat edukitzea, berriz, luxua», dio Ogasun zinegotzi Iñaki Eizagirrek (Bildu). «Luxua» den neurrian, etxe horiegatik gehiago ordaintzea proposatu zuen udal gobernuak herenegungo udalbatzarrean. Hala, etxe hutsei Ondasun Higiezinen Zerga bikoiztea erabaki zuten, gehiengoz. Ildo horretatik, %100eko igoera izango du, 2013ko ordenantza fiskalak behin betikoz onartzen badituzte.
Erabaki horren helburua erabilpenik ez duten etxe hutsak merkatura ateratzea da, alokairua sustatuz. Bi kasu proposatu ditu salbuespen gisa: batetik, etxe hori jarduera ekonomiko jakin baterako baliatzen bada (hortz klinika edota halakoetarako) eta bestea, urtarrilaren 1ean hutsa egonda ere hurrengo hilabeteetan alokatzen bada. Hamar hilabetetik gora etxe hori alokairuan uzten bada, nahiz eta urteko lehen egunean hutsa egon, ez da zergaren errekargua kobratuko. Era berean, eraikuntza-enpresa eta sustatzaileei ezartzen zaien tasa ere aldatuko da. «Lehen halakoei %50eko hobaria eskaintzen zitzaien. Aurrerantzean, merkatura atera gabeko etxeei%100eko gainordaina aplikatuko zaie, laukoitza ordaindu beharko dute enpresok», azaldu du. «Etxe hutsak erabiltzea da horren xedea».
EAJko Imanol Lasa ez zen ados agertu proposamenarekin. «Etxe hutsak merkatura ateratzearen alde gaude, baina parametroak ongi finkatu behar dira. Zergatik zigortu udan, Eguberrietan edota Aste Santuan egun batzuk herrira igarotzera datozenei?Kanpotarrei isuna jarri nahi zaie, eta ez gatoz horrekin bat». Hori dela eta, alderdi jeltzaleak ez zuen 2013ko ordenantza fiskalen proposamena onartu.
Ezker Anitzako Mariana Aranburuk ontzat eman zuen, aldiz, baina datorren urtera begira tasa hori gehitzeko konpromisoa hartzeko eskatu zion udal gobernuari, gainordain honi esker bilduko den dirua etxe huts horien alokairua sustatzeko baliatu dezan. PSE-EE abstenitu egin zen: «Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga hori etxe hutsei %150 arte igotzea proposatu du. Gu ados gaude tramoka ordainaraztearekin; jendeari bat-bateko susto hori ematea ez dugu egoki ikusten».
Orokorrean, %2,4ko igoera
Orokorrean, zergak eta tasak KPI adina igotzea adostu du udalbatzak behin-behinean; ordaindu beharrekoa %2,4 igoko du, beraz. Hala ere, Ondasunen Gaineko Zergarekin egin duen moduan, beste hainbat tasa aldatu du. Plusbalioaren kasuan, %9tik %12ra igo du karga tasa. Bestalde, etxe kaleratzeen kasuan, banketxeek ordaindu beharko dute gainbalio hori, eta ez etxejabeek, lehen egiten zen bezala. «Nahikoa bidegabea zen hori», gaineratu zuen Eizagirrek herenegungo plenoan.
Zaldipotentziaren gaineko zerga, berriz, «progresiboki» igoko du udalak, ohi bezala. Potentzia gehien duten autoek gehiago ordainduko dute eta ibilgailu klasikoen jabeek, aldiz, ez dute zerga hori ordaindu beharko—orain arte %100 ordaintzen zuten auto horien jabeek—. Eraikuntza, instalazio eta obren zerga lan guztiei aplikatuko zaiela azaldu zuen Eizagirrek, bestalde: «Lehen obra jakinarazteagatik 90 euro kobratzen zen, eta egun 20 eurora jaitsiko da. Zerga guztiek ordainduko badute ere, kopurua txikiagoa izango da».
Egun Aritzbataldeko hileroko azokan postua dutenei ere zerga igoko die udalak, %8 zehazki. Horiek orain arte 3,45 euro ordaintzen zuten metro linealeko; aurrerantzean, berriz, 3,7 euro ordaindu beharko dute. «Aldaketa hori batez ere leku aldaketagatik egingo da. Azoka Aritzbataldera ekartzeak lana ekarri dio udalari». Era berean, merkatuko, beladoretako eta terrazetako eta jarduera lizentzietako tasak izoztu egingo dira, «bultzatu nahi direlako merkatariak eta ostalariak, eta baita jarduera berriak ere».
Halaber, kiroldegiko lehorreko ikastaroen zerga %15,4 igoko da. «BEZaren aldaketa dela-eta, ikastaro guztiek %13ko igoera izan dute. Ikastaro horiek ez dira udalak derrigor eman beharreko zerbitzuak, eta ondorioz, erabiltzaileen gain utzi nahi da errekargua».
Uemako kide
Ordenantza fiskalez gain, Zarautz aurrerantzean Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea onartu zuen Udalbatzak, gehiengoz (16 alde, 3 kontra). Mozioa aurkeztu zuen Euskara zinegotzi Gari Berasaluzek erabaki hori hartu ahal izateko. Izan ere, azaroaren 9an izango da mankomunitate horren batzarra, eta bertan Zarautz UEMAko kide izateko eskatzea asmoa. Udalaren ordezkariak ere aukeratu zituzten: Berasaluze (Bildu), Ane Eizmendi (Bildu), Mikel Goenaga (Bildu), Imanol Lasa (EAJ) eta Aser Lertxundi (Aralar). Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko bazkide izateagatik, udalak 22.583 euro ordaindu beharko ditu urteko.
Horrek eztabaida sorrarazi zuen. Aranburuk esan zuen Zarautzen «lan txukuna» egiten dela euskararen alde, eta ez dela beharrezkoa Ueman sartzea, ezta horregatik 22.583 euro ordaintzea ere: «Zarautzen euskara departamentua dugu, itzultzaileak, teknikariak, udal euskaltegia…Lan txukuna egiten dute. Hori dela eta, diru kopuru hori gordetzeko proposatzen dut, euskara ikasteko bekak eta halakoetarako, kasu». Hori dela eta, Udal Gobernuaren proposamenaren aurka botatu zuen. Berdin egin zuen PSE-EEk ere: «Zarautzen ongi funtzionatzen dugu euskarari dagokionez. Ueman sartzeak gastua bikoiztea ekarriko du», nabarmendu zuen Elolak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide